'Donostiari begira' erakusketak hiriaren bilakaera azaltzen du
Urgulleko Mota gazteluan bisita daiteke abuztuaren 31a arte, eta ondoren, larunbatetan eta igandetan irailan eta urrian
I. Altuna
Donostia
Igandea, 24 abuztua 2025, 20:02
Datorren igandean, abuztuak 31n, 212 urte beteko dira Donostia hiria aliatuen tropek suntsitu zutela. Espainolen, ingelesen eta portugesen tropek ehundaka donostiar erahil zituzten eta 500 bat etxe nahita eta banaka erre. 1813ko abuztuan Donostiak 7.000 biztanle inguru zituen eta irailan 300 besterik ez ziren gelditu. Hala ere, donostiar horien kemenak hiria berreraikitzea posible egin zuen.
Duela 212 urte gertatutako sarraski hau hiriaren historiaren pasarterik esanguratsuenetakoa da, baina ez bakarra. Izan ere Donostia bizitzeko hiria, eta baita ere defendatzeko hiria izan da. Bertako populazioa, plaza militarrean bizi zena, behin eta berriro gertatzen ziren setio eta erasoekin bizitzen ohitu zen, 'Frantziako giltza' deitzen zutena oso gutiziagarria baitzen. Europar gerrateek, bereziki Espainia eta Frantziakoek, Donostia aldi berean setialeku eta babesleku bihurtzen zuten. Donostia, gainera, komunikazio puntu klabea zen Kantaurian, produktuen esportaziorako portua eta jarduera ekonomiko handia zuena.
Gipuzkoako hiriburuaren bilakaera 'Donostiari begira' erakusketan ondo azaltzen da, Urgulleko Motako gazteluan bisita daitekeena. Bertan, hiriak bizi izan dituen aldaketa ekonomiko, sozial, urbanistiko eta kulturalak jasotzen dira, euskal identitateari erreferentzia eginaz. Erakusketa «aukera aparta da gure izena eta izanera gerturatzeko, eta gure historia garaikidean sakontzeko», diote museotik.
Erakusketa udaran zabalik dago, abuztuaren 31a arte, egunero (astearteetan ezik) 11:00etatik 19:00etara. Irailan eta urrian, larunbatetan eta igandetan bisitatzeko aukera izango da, ordutegi berdinean (iraileko lehen bi igandeetan, itxita egongo da).