Bidaiak ahatezinak direnekoetan
Ez, ez da okerrik goiburuan, 'ahatezinak' da nahita aukeratu hitza eta ez hiztegi guztietan agertuko zaizuen 'ahaztezinak'. Ez dira gauza bera. Ezta pentsatu ere. Ez bazarete nirekin fido, galdetu boteprontoan euskara mordoiloan hasi diren Minions panpinatxo maitatuei. Eta ez egin, arren, garbizale plantak. Ederki dakizue hori-urdinak diren kreatura horiek ahuntz hizkuntzatan aritzen direla. Beti. Ingelesez bezala frantsesez ere. Gaztelaniaz zein ikasi berri duten lingua navarrorum gurean. Kontu jakina da, hala ere, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik ederki ulertzen dutela elkar munduko haur, gazte eta helduokin. Beraz, harrapa ezazu ahatezinak berba eta ahaztu, istant batez, Euskaltzaindiak onartzen duen ahaztezina, bidezkoa eta egokia dena, noooski. Nahiz eta kontatzera natorkizuena arras, oso, erabat ahaztu ezinezkoa suertatuko zaizuen…
Publicidad
Zer demontrez ari naizen? Pelikula batez. Euskaraz mintzaturiko pelikula batez. Iratiz? Ilargi Guztiak-ez? Ba ez, animaziozko batez.
'Aita, zonbia naiz'? 'Bo Kwai eta Museoaren Lapurreta'? 'Superheroien famila'? 'Abentura Erraldoia'? 'Nobitaren Dinosauro Berria'? Ezta ere, aipatu dituzuen horiek supermajoak badira ere, 'Barraskillo eta balea', 'Trash', 'Oltxiak', 'Kranston Ikastetxea' edo 'Dragoi Bola diren nola'.
Ez. Ni, oraingoan, 'Migrazioa' filmaz mintzatzen natzaizue. Zergatik? Alde batetik, erabilitako hitz jokoa argi ta garbi uztearren. Filmaren izenburua antzeko parezido da jatorrizko ingelesez, frantsesez , gaztelaniaz eta… euskaraz: Migration, Migración, Migration… Migrazioa!!! Hollywoodeko eta Parisko sortzaileek ez zioten azpititulurik jarri. Gaztelaniazko kopiak zabaldu zituztenek, ordea, bai: 'Migración, una aventura patas arriba'. Ez dago gaizki. Azken finean, ahate familia baten bidaia mugaz, markaz kanpokoaren inguruko kontakizuna da.
Hari berari hasi dira tiraka euskarazko bertsioa aretoetara ekarri dutenak. Eta (ahate) familia horri gertatuko zaiona kristona izango denez…ba bai, 'bidaia ahatezina' idatzi dute afixetan. Logika osoz, erabatekoaz.
Pantaila guztietan
Serio (edo) jarrita, film hau euskaraz izatea Euskal Herrian, a zer nolako balentria! Orain arteko guztiak, Zineuskadiren katalogoan agertzen diren hainbat eta hainbat perlatxo, ('Ernest & Célestine' delizia hura barne) ekoizpen txikiak ziren, dohainez beterik baina txikiak. Eta ez zetozen Hollywoodetik baizik eta zinema maite maite eta sakon sakon ezagutzen duten herrialdeetatik: Alemania, Danimarka, Italia, Hungaria, Suedia… Ederrak ziren oso. Bihurriak, gozamenerako eta hausnarketa politak egiteko jaioak. Alta ez ziren, berriro diotsuet, hiper-mega-super ekoizpenak. Ez zuten zinema estudio erraldoi baten sostengua. Ez, ez naiz bermeaz ari. Aipu merezi izan duten orok (Zineuskadiren katalogoak hamar baino orrialde gehiago ditu…) kalitate bermea zuten barrenetan onak zirelako/direlako. Baina merkatuak ez du errukirik eta areto txiki baten bazterra baino ez zieten uzten haurrak (eta helduak) seduzitu ahal izaten.
Publicidad
Oraingoan ez. Oraingoan, Migrazioa/Migration/ Migración/ Migration honek Hegoaldeko eta Iparraldeko pantaila kasik guztiak bete, hartu, okupatu ditu. Gurean mintzatzen diren bi erdaratan eta… euskaraz!.
Sinetsi ala ez, horrela izatea lorpen/garaipen ahatezina, ahaztezina da. Universal Studios dira ekoizleak. 1912an fundatu zen enpresa, planetan beste bi baino, Frantziako Gaumont eta Pathé, existitzen ez zirelarik. Universalak pantailaratu zuen lehen Drakula, 1931koa. Eta Frankenstein. Eta Gizotsoa. E.T. Jaws (Tiburoia), Jurasic Park bezalako zeluloidezko mirarien atzean da. Ba Universal honek Gabonetan ikasi du euskaraz. Berriro diotsuet, merkatuak ez du errukirik. Beraz, euskaraz aritze horrek frogatzen du gure hizkuntzak baduela zer esateko franko negozioetan…
Publicidad
Ilumination konpainia igualiki gabeak sortutako Minionsek (beraiek dira filmaren zeremonia-maisuak) esango luketen bezala, ahatezina, arras ahatezina, gure pantailetan gertatu berri dena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión