Benizze proiektuak irabazi du 'Paradisu Zinema' musika beka
Iñigo Muguruza artista irundarra oroitzeko eta euskarazko lanak sustatzeko antolatu da ekimena
DV
Donostia
Ostirala, 15 iraila 2023, 19:19
Beñat Goitiaren Benizze proiektuak irabazi du Iñigo Muguruza gogoratzeko Elkar argitaletxeak, EHZ festibalak eta Antxeta irratiak elkarrekin antolaturiko 'Paradisu Zinema' musika bekaren lehenbiziko edizioa.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, musikari irundarra gogoan harturik, «bere ausardia eta freskura» hizpide dituen proiektua izan da bekaren lehen edizioaren garailea. «Ibilbidearen hastapenetan dago proiektua, eta gaur egun Euskal Herrian belaunaldi gazteen musika ohiturekin erraz uztartzen dela iruditzen zaigu», adierazi dute. Orotara 10.000 euroan baloratutako beka jasoko du, erdia Elkar estudioko orduetan eta beste erdia grabatutako diskoaren argitalpen eta promozio gastuak kubritzeko.
Oinarrietan azaldu bezala, irabazleak urtebeteko epea izango du orain proiektua borobildu eta grabatzeko, eta 2024. urteko EHZ festibalean gozatu ahal izango da haren lehen kontzertuaz. Beka sustatu duten hiru eragileen iritziz, garrantzitsua da musika estilo ezberdinek lekua izatea euskal musikaren baitan, «euskaldunok musika estilo orotan izan dezagun erreferenterik».
Ekimenaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiete beren lanak igorri dituzten 28 taldeei. «Batetik oso eskertuak gaude animatu izanagatik eta bestetik, azpimarratu nahiko genuke jasotako lanen kalitatea. Euskal Herrian eta euskaraz asko ekoizten dela argi gelditu zaigu, estilo ezberdinetan gainera», nabarmendu dute.
«Paradisu Zinema' bekaren lehen edizioa izan da aurtengoa, espero dezagun ez dela, ordea, azkena izanen. Norabide horretan lan eginen dugu, aurrerantzean ere Iñigo Muguruza gogoan hartu ahal izateko«, ziurtatu dute.