Baina, nor ote Barbara Millicent Roberts hori?
Gurean badira asteburu honetan gure etxe ondoko eta urrutiko zine areto korriente eta ez hain korriente guztietako pantailak baitu dituzten bi film nabarmen nabarmen.
Publicidad
Biak dira lehia bizian gure inguruetan. Eta ez bakarrik ahalik eta ikusle gehien konkistatu asmotan baizik eta, askoren ustez, zinemaren beraren oraina eta etorkizuna sakon markatzeko, azpikoz gora jartzeko anbizioetan. Bata Christopher Nolanen 'Oppenheimer' da. Bestea, Greta Gerwigek buruturiko 'Barbie'. Biak dira, seguru, arras ezberdinak. Batak eta besteak zinemaren gainean dituzten kontzeptua, filosofia, isla ez datoz bat baina biak dira uda honetako sekulako gertakari zeluloidezkoak. Biek, nik uste, ikusi aurretiko hausnarketa merezi dute.
Egiari zor, etsenplu, zer dakigu guk Barbie izeneko panpinaz? Agian kontu bakar bat, jende makina batek gogoko ez duen emakume mota bat islatzen duela. Igual, jakin badakigu, badakizue, fantasiazko pelikula bat baino gehiagotan gutako askok gogoko ditugun ume eta gaztetxo bihurri saldoak biktima hartzen duten muñeka dela. Eta justu, emakume anitzek gorroto duten bere irudia aldrebesten saiatzen dira (sarri, egia esatearren, arrakasta handiz…)
Andy Warholek pintatua, Diorrek, Versacek, Donna Karanek, Carolina Herrerak, Givenchik jantzi izan dute 1959an munduratu zen panpina hori, deabruzko Chuckyren Tiffany bikotearekin zer ikusirik ez duena (Lastima, guk Tiffany maite baitugu, egungo Monster High bildumazko maltzur horiek hainbeste). Christian Louboutinek berak sortu izan zituen, erabatekoesklusiban, jakina, berarentzat bakarrik) Sex and the City-ko neskek desiratuko zituzten takoi altuzko zapata luxuzkoak
Hala ere, ez ahaztu Barbieren lehenbiziko jostunaren izena: Carol Spencer. Gaur, 90 urte baino gehiago dituen panpinen diseinatzaile eta jostailuen inguruko Historiagile horrek asmatu zituen Barbiren estreinako modeloak, askotan museoetan erakutsi izan direnak, altxorrak baitira, Barbieren bigarren jostunarenak nola. Nor zen Carol eta gero, Oscar de la Rentaren beraren baino askoz aurretik iritsi zen hori? Janet Goldblum. Bada hirugarren bat, David Delfin baino askoz lehenagoko Kitty Black Perkins. Eta hirurekin konplizitatean, Bob Mackie aztia. Nor? Bob Mackie sortzailea, marketin aferetan abilki zebilen gizona. Berak bihurtu zuen Cher moda ikono. Berak diseinatu zion Marilyn Monroeri eternitate osoan ikurtzat izango dugun soinekoa. Zein? Gogoan behin batean Marilynek John Fitzgerald Kennedyri 'Zorionak' kantatu ziola? Bai? Ba une hartan jantzi zuen huraxe.
Publicidad
1959n munduratu zen Barbie izena duen plastikozko neska... bi urte lehenago Fidel Castro sartu zen La Habanan...
Museotan izan da, da eta izango da Barbie. Betiereko. 64 urte bete izan zituen aurtengo martxoaren 9an. Bai, liburuxketan eta marrazki bizidunetan asmatu zioten biografiaren arabera, Barbara Millicent Roberts izena duen plastikozko neska hori 1959n munduratu zen. Badakit, urte berean, bi hilabete lehenago Fidel Castro sartu zen La Habanan… Adin berekoak dira ba Kubako Iraultza eta Ruth Handlerrek sortutako muñeka.
Estatubatuarra peto petoa ematen du Barbiek baina hasierakoak Japonian fabrikatu zituzten. Eskuz jostu zioten arropa bertako langileek….
Baina nola eta zergatik burutu zitzaion Ruthi Barbie antzeko panpiña egitea? Ba, garai hartan has baitzen konturatzen neskatxek haur besoetakoak ziruditen muñekekin jostatzeaz asperturik zeudela. Bidaia batean, Alemanian, haurrentzako ez zen Lili izeneko muñeka heldua deskubritu zuen. Etxera bueltatzean, egun, Toy Story-ko jostailu guztiak merkaturatzen dituen Mattel empresa erraldoiari luzatu zion ideia. … bertako buruzagien ezezko borobila jasoz.
Publicidad
Geroxeago, aldiz, onartu egingo zuten, Charlotte Johnson enpresako moda diseinatzailea temoso, oso temoso jarri ondoren. Horiexek izan ziren hastapenak.
Bi urte beranduago, Barbie maitakerietan hasi zen Ken izeneko plastikozko mutil guapoarekin. Jolas platonikok ziren, jakina. Bere nobioa maltzurki larrugorritu izan dugun denok ederki dakigun bezala, Ken ez baita Zakilixut. Are gehiago (edo gutxiago) ez da ez 'xut' ez 'axut' zakilik ez baitu. Ezta barrabilak ere ez.
Wikipedian da Barbie. Bete izan ditu National Geographic aldizkariaren hamaika orrialde ere. Ez da harritzekoa, Barbie ulertzeko antropologiaren errekurtsoak, baliabideak erabiltzea egokia da.
Istilu askoan endredatu da muñeka hori. Leporatu diote zuriegia, flakuegia, tontunegia, inperialistaegia izatea. Perfektuegia ere. Saiatu zen guztiekin harreman onetan izaten (eta gailentzen ari ziren merkatu berri hainbaten kuota ez galtzen, jakina). Baina, esaterako emakumezko afro-amerikarrei keinu bat egin nahi zienean, porrot erabatekoa berea. Bai, Barbie berriak beltza zuen azala. Baina ez da azalaren kolorea afro-amerikarren gorputza definitzen duen ezaugarri bakarra…
Publicidad
Horrenbeste dimentsio duen muñeka honen inguruan zer egin duten ikusteko irrikaz gaude
Gogor ahalegintzen da, bai, gaixoa mende honetako gizakion gustu eta pentsatzeko era aldakorretara moldatzen... Iaz, Down sindromea duen Barbie kaleratu zuten. Baita Frida Khaloren antza zuen beste bat. Baina ez bide zuen besteen kalitate bera material kontuetan eta haserre bizian hartu zuten mexikar guztiek…
Legea, konfiantza diogun Frances Ha eta Lady Bird pelikulen egilea den Greta Gerwigi. Baita berarekin batera Barbie filmaren gidoia idatzi izan duen Noah Baumbachi ere. Maite dugu maite, Margot Robbie aktora. Beraz, horrenbeste dimentsio duen muñeka honen inguruan zer egin duten, zeri heldu dioten, bere unibertso faltsu-egiazko horretara nola hurbildu diren ikusteko irrikaz gaude. Aio, zinemara goaz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión