Zalantzarik gabe, interesak mugitzen du mundua, batez ere interes tipoak. Espainiako banketxe handienek jakitera eman dituzte 2024ko lehen hiruhilekoan izan dituzten irabaziak: 6.600 milioi guztira. Interes tipo altuek ekarri omen dute, batez ere, azken aldiko igoera. Eta hori Gobernuak aldi baterako karga zabaldu duela banku-sektorera. Zergen eta irabazien arteko korrelaziora eraman nau albisteak, eta interes tipoen arteko gorabeherak ikusten hasi naiz, Mortiroloko pendizen batezbestekoak balira bezala.
Gutxi batzuen irabazi estratosferikoak eta gehienon erosteko ahalmenaren galera burutik usatzeko, bizikletaz buelta bat ematera atera naiz txirrindulariz mozorrotuta. Interesen gorakadari buruzko albisteak hartaratuta nonbait, buelta lasaia eman ordez, aldapa zailen bila abiatu gara bizikleta eta biok. Ez da izango interesa pendizak igotzen dituen bakarra. Jaizkibelen atarian, ordea, haizea ere ez nuen alde. Biak kontra izanik, interes tipoa eta haizea, balentria begitandu zait gailurreraino iristea. Seguru, gainera, bulegari kafkiarren bat azaltzen zaidala bide erdian, aldi baterako karga erreklamatuz.
Zorionez, ez da inor agertu, eta aldapa igotzearen berezko sufrimenduari ez zaio bestelako gainzamarik gehitu. Hemendik aurrera, kirola egiteko, presio atmosferikoaz gain, presio fiskala ere hartu beharko da kontutan. Nork daki, hurrengoan bizikletan sartuko naiz banketxera, ea interes tipoen igoera giharretara eta hauspora kutsatzen zaidan.