Las diez noticias clave de la jornada

Andres Alberdiren sarrera-hitzaldia Getarian

Euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso zituen atzo Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik

A. M.

Getaria

Domingo, 26 de noviembre 2023, 17:11

Andres Alberdi hizkuntzalariak sarrera-hitzaldia irakurri zuen atzo Getarian. Salbatore abesbatzak ireki zuen herriko udaletxean egin zen ekitaldia. 'Euskal Herriko semeak gara' abestu dute (Txanton ... Piperri euskarazko lehen operako kanta da, 1899koa, Toribio Altzagaren letrarekin), eta, ondoren, Getariako ereserkia, herritarrekin batera, ozen. Atariko saioaren ostean, ekitaldi instituzionala hasi zen. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak ongietorria egin zieten bertaratutakoei.

Publicidad

Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Andres Alberdi hizkuntzalari getariarra. Atzo, bere sorterrian sarrera-hitzaldia eskaini zuen eta lehenik, harrituta agertu zen herrikide, euskaltzain eta erakundeetako ordezkarien aurrean («ametsik ederrenean ere inoiz ez zitzaidan agertu gaur eguerdiko imajina hau»), eta gero lotsa puntu bat ere baduela aitortu zuen: «Pentsatu nahi dut, nire merezimendu pertsonalak baino areago, nire izenean, eskoletako maisu-andereñoen eguneroko afana eta ekina saritzen direla nire izendapenarekin». Ekitaldia non egin ere izan zen bere buruhausteetako bat; bada, berak argitu zuen moduan, «neure burua getariar petotzat aitortu arren edonon, ez ditut alferrik eman nire bizitzako 50 urte Elgoibarren».

Ondoko hitzak Euskaltzaindian ordezkatzen duenarentzat izan dira, hots, Andoni Sagarna euskaltzain emerituarentzat. Eskualdean jaiotako euskaltzainak ere gogoan izan ditu, hala nola Bonifazio Etxegarai, Julene Azpeitia, Salbatore Mitxelena, Karmele Esnal, Iñaki Beobide, Antonio Campos, Anjel Lertxundi, Andoni Egaña, Mikel Lasa eta Kaxildo Alkorta. Den-denak gogoratu eta goratu nahi izan ditu gaurko berbaldian irakasle eta hizkuntzalari getariarrak.

Segidan, hitzaldiaren mamiari heldu zion Alberdik, eta Arauen itsasoan barna uger egiten ausartu zen. Honela, arauekin izan zuen bizipen pertsonalez eta harremanez aritu izan zen mintzaldiaren lehen partean, arauak baitira getariarraren bizitzako ardatzetako bat, bere alaba Uxue Alberdik liburu batean gogoratu zion moduan. Ondoren, Getariatik Elgoibarrera egin zuen jauzi. 1973an iritsi zen herriko ikastolara, gaztetxoei euskara eta gizartea irakastera. Hantxe ikasi omen zuen beste lezio garrantzitsu bat, ikasle batek ingurrazti hitza erabili (aranisten gurdiko hitza) eta ulertu ez zionean: hain zuzen, «garbizalekeriak ez ginderamatzala inora». Gogoratu zuen, baita, hutsaren hurrengoa zela orduko euskarazko ikasmateriala, eta tantaka-tantaka eskuratzen zituztela, handik eta hemendik, Xabier Kintanaren Hiztegi Modernoa (1977), Euskaltzaindiaren arauak, Juan Antonio Letamendiaren Euskera 6, Saioka liburuak edo Txillardegiren, Patxi Altunaren eta Luis Villasanterenak.

Publicidad

Honela, esan zuenez, beharrak eraginda hasi zen testugintzan Alberdi, eta hortxe ikasi zuen, baita, talde-lanaren balioa, boskote bikaina osatu baitzuen getariarrak Angel Ugarteburu, Iñaxio Garmendia, Myriam Villasante eta Markos Balentziagarekin batera. Euskararen itsasoan izandako ibilbideari jarraituz, seigarren portu bat aipatu du euskaltzainak: Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE). 2018an sartu zen batzordean, eta onartu du ordurako euskara batua aski gorpuztua ageri zela, «helduaroan sartuta nolabait esateko, hizkuntzaren oinarriei dagokienez».

Arauak

Sarrera-hitzaldiaren bigarren partean araugai berri batzuen demandan aritu izan zen euskaltzain oso berria, eta eskari edo aldarrikapenarekin batera, hausnargai, euskararen eta arauen gaineko kezka eta gogoeta batzuk aletu zituen. «Ezin gaitezke arauen mundura bakarrik mugatu –onartu du Alberdik–. Dena ez da araua; arauak (edozein arlotan) bizitza zaintzea behar luke helburu». Euskararen auzia prozesu bat dela esan zuen Alberdik, eta prozesu horren bi bidetatik egin behar dela azpimarratu zuen: »Alde batetik, normatibizazioa daukagu: hizkuntza arautzea, malgutzea, aberastea. Horixe da euskaltzainon, idazleen, itzultzaileen, irakasleen egiteko behinena (...). Baina denok dakigu erronka hortik kanpokoa dela: benetako zailtasunak, gaur-gaurkoz, ez direla corpusarenak (hau da, arazoa ez dela arauarena), estatusarenak baizik (hau da, euskararen normalizazioarena); alegia, hizkuntza erabiltzeko eremuak irabazteko desafioan dagoela lana». «Hor jokatzen da, egiazki, euskararen geroa, ez arauetan», nabarmendu du irakasle gipuzkoarrak. Onartu du, baita, euskararen normalizazioak «zutabe hauskorrak» dituela, eta zentzu horretan adierazi du aurrera egin behar dela estandarizazio eta normatibizazioan, baina ez bakarrik horretan, garrantzitsua baita, era berean, «euskararen helburuak garbi izatea eta horien aldeko pedagogia egitea».

Publicidad

Eta ondoren 11 ardatz ezarri zituen, «garbi izan behar genituzkeen helburuak». Lerroburu garrantzitsuak aipatu ostean, arau gehiago behar direla esan zuen euskaltzainak. Hortaz, arautze-premia duten esparruak aipatu zituen, egindako aurrerakuntzak eta egiteke daudenak seinalatuz: Ortografia; Euskaltzaindiaren Hiztegia; Onomastika; Ahoskera; Morfosintaxia.

Zalbideren erantzuna

Mikel Zalbidek eman zion erantzuna Alberdiri atzokoan. Bere hitzaldian, getariarraren dohainak gogoratu zituen («arraunlari trebe izateaz gainera, lemazain maisu dugu Andres, hizkuntza-eredu jasoa gizarteratzeko saioen esparruan»), eta honek hitzaldian esandakoak azpimarratu, hots, «arraunean egiten segitu behar dela hiztun-idazleen fabore». Zentzu honetan, Zalbidek adierazi du «hizkuntza era bizi eta naturalean eskuratzeak duen garrantzia», baita ere umetako «aldaera-sorta zabaldu eta aberastearen garrantzia». Hizkuntza-eredu bateratu eta garatua luze-zabal hedatzeko ahaleginean jarraitu beharra dagoela esan du, «hiztun-elkarte osoaren altzoan onarpen zabala» eskura dezan.

Publicidad

Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egin zuen eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso zituen Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad