Basarriren bertsogintza aztergai
Andoni Egañak hitzaldi interesgarria eman zuen Euskal Astearen barne. Sortaldea Kultur Eremuan antolatu zen Basarriren mendeurrena ospatzeko Egañaren solasaldia
JUAN MARI ZUBIAURRE
Viernes, 6 de septiembre 2013, 05:11
Euskal Astearen barne eta aurten Iñaki Eizmendi Basarriren jaiotzaren mendeurrena ospatzen dela kontutan izan da, Sortaldea Kultur Eremuan Andoni Egañak "Basarri eta Bertsogintza" izenburua zeraman hitzaldia eman zuen asteazken arratsaldean. Andoniren asmoa «nagusiki Basarriren bertsogintzaz mintzatzea izan da. Berak zuen bertsoa egiteko modua eta estiloa. Noski honi buruz hitz egiteko lehendabizi kokatu egin behar diat zein zen bere bertso proiektua, nondik zetorren, nork eman zion ideia eta gero berak ze bide egin zuen. Basarriren bertso proiektu hori ze bertso estiloetan plasmatu zuen. Azkenik baita gerorako ze ondorio izan zituen».
Publicidad
Andonik Basarri bertsotan zuzenean ez zuen asko ezagutu, «nik Basarri edadean aurrera zihoala ezagutu nuen. Bertsotan tarteka entzun nuen ekitaldi bat edo bestetan, pare bat esker bertso botatzen, beste noizbait omendu bati bertsoren bat eskaintzen eta orokorrean bertso soltetan ezagutu nuen nagusiki». Harremana urruna zen, zeren «guk bera ere urrun ikusten genian. Kontutan izan behar da ni hasi nintzenean eta 20 urte nituenean, berak 70 inguru izango zizkian eta urrun geratzen zitzaigun. Guretzat mito bat zen. Dena den gero bera zahartze aldera eta gu koxkortzen gindoazen bezala harreman pixka bat izan genian. Entrebista bat edo beste egin nizkion, bere etxean bisita pare bat ere egindakoa naiz eta azken urteetan zahar egoitzara ere bueltaren bat. Azken urteetako harreman hori polita izan zen».
Hurbileko pertsona
Bertsogintzan pertsonai nagusia izan arren «nik uste dut hurbiltzen asmatzen zuela, nahiz nik azken urtetako Basarri ezagutu, baina gizon arrunta zela iruditu zitzaidan. Hori bai bertsotarako dohain berezi bat bazuena baino guretzat esango nuke tratablea zela». Andoniren esanetan «Basarri izan zen hogeigarren mendearen kronista. Batetik herriz herri asko ibili zelako baina batez ere hedabidek iritsi zirenean, prentsa idatzia eta irratia batez ere (telebista berandu zamar iritsi zitzaion) jakin zuen han egoten, euskeraz ere edo euskera hutsean bere ikuspegia ematen, munduarena, hizkuntzarena, herriarena, eta horregatik uzte diat Basarri garrantzitsua izan zela, hogeigarren mendearen kronista bat izan zelako».
Trikitilari gazteak
Egun berean baina zertxobait beranduago eta Modelo Aretoan Trikitilari Gazteen XXXIII. Txapelketa ospatu zen Euskal Astearen barruan.Hamaika bikotek parte hartu zuten eta irabazleak etxekoak, erdia behintzat. Julen Alonso oriotarra eta Eneritz Aulestia zarauztarra izan ziren garaileak. 166 puntu lortu zituzten eta bigarren tokian 163,7 punturekin Beñat Ganboa (Aretxabaleta) eta Julene Otegi (Mungia) bikotea geratu ziren. Bakoitzak lau pieza jo zituzten eta maila handia izan zen jendez beteta zegoen Modelo Aretoan.
Gaur 19:00etan Lege Zaharren enparantzan Bikote Gazteen Dantza Txapelketa izango da, baino euria egin ezkero Modelo Aretora pasako dira. Gaueko 22:00etan Modelon, Bertsolari Gazteen XXXVII. Lizardi Saria eta ekitaldi berean XXIX. Basarri Saria, bertso paper lehiaketaren sari banaketa. Azkenik gogoan izan txosna gunea Salberdineko aparkalekuan egongo dela eta 20:00etan zabaltzen dela.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión