Bilintx eta konpainia
'Mendak usaina bezala' bertso-tramak XIX. mendera eraman zuen Donostia Aste Nagusiko gaurik zaratatsuenean
M. IMAZ
Jueves, 16 de agosto 2012, 03:29
Publicidad
Mendari usaia bezala zerion maitasuna Bilintxen bihotzari, berak halaxe esanda. Mendari usaia bezala -hobe horrela balitz...-dario zarata Aste Nagusiari. Ama Birjinaren bezperako 23:30ean Konstituzio Plazan, zer esanik ez. Orduak, tokiak eta abaguneak ez zuten hasiera batean aproposenak ematen bertsolarien gaitasuna eta bertsoaren lilura baliatuz 'Mendak usaia bezala' bertso-tramak proposatzen zituen ariketa zailak egiteko: 150 urte egin atzera denboran; argi izpiak botatzen zituzten tramankuluan saltzen zituzten txinatarrak eta XIX. mendeko Donostia bateragarriak izan zitezkeela sinetsi; Anjel Mari Peñagarikanoren tokian Indalezio Bizkarrondo ikusi, Bilintx bera.
Bertso-trama, bertsolaritza eguneratzen eta egokitzen lagundu duten formula ugarietako bat, ez da inondik ere nobedadea. Nobedadea zen ordea Donostiako Aste Nagusian. Non eta euskal txoko baino areago euskal irla bilakatutako Konstituzio plazan, erdialdean kokatutako aulkiak bete zituzten bertsozaleen bueltan atzerritar mordoxka gelditzen baitzen begira, han gertatzen ari zena ulertu nahian edo.
Eta, zertxobait kostatu bazen ere, lortu zen iragarritakoa: ikuskizunak Bilintxen garaiko Donostiara eraman zituen entzuleak, Bilintx bera lagun zutela. Kostatu egin zen, zeren eta entzule arruntak ez baitauka bertsolarien kontzentrazio gaitasuna, eta uneren batean nekeza zen txistu soinuak, kopa hotsak, terrazetako tabernari eta bezeroen arteko hizketaldiak, umeen garrasiak, amen errietak eta, oro har, Ama Birjina bezperari dagokion soinu bandari gaina hartu eta oholtzan gertatzen zenari behar bezainbesteko arretaz erreparatzea.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre aurreneko aulki ilaran eserita zegoela -agurretan nabarmendu zuten haren presentzia-, eta publiko urtetsu samarra nagusi zela gertatu zen, gertatu ere, Josu Goikoetxea tramagileak abian jarri eta gidatu zuen miraria.
Publicidad
Peñagarikano, Bilintxen bertsio dotore eta guapoa. Aitor Mendiluze, gazte galant harroputz eta xentimorik gabea. Nerea Elustondo, Ramona, lursailen inguruko espekulazioa medio, taberna bateko zerbitzari izatetik emakume dirudun izatera igarotakoa eta aurrekoaren izeba. Alaia Martin, Joxepa lirain eta ederra, bertsolari trebea, Ramonarenean neskame, Bilintxek zein Antoniok begiz jota zutena Lau pertsonaia horien arteko harremanek eman zuten alegia Bilintx sentimental eta mesfidatia eta haren garaia hobeto ezagutzeko aukera.
Lehenik eta behin, zorionak 'casting' arduradunari, bete-betean asmatu baitzuen aukeraketan. Bertsolariei ere zorionak. Denak egon ziren ondo, baina sinesgarritasunaren eta sugestio gaitasunaren aldetik, Peña eta Elustondo nabarmendu ziren, batez ere umoretik jo zutenean. Posesio kasu bikoitza? Bai, behintzat, errepikatzea merezi duen esperimentua. Aukeran, toki edo une lasaixeagoan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión