Urola Kostako alkateen adierazpen bateratua hondakinen inguruan
Zero Zabor programa ezarri eta garatzearen alde egin dute. Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak eta Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako alkateek egin dute
JUAN MARI ZUBIAURRE
Viernes, 11 de mayo 2012, 10:34
Publicidad
Urola Kostako Udal Elkarteak Abendañon duen egoi-tzan bildu ziren atzo Zarauzko alkatea Juan Luis Illarramendi; Zumaiakoa, Iñaki Agirrezabalaga; Oriokoa, Beñat Solabarrieta; Getariakoa, Nika Lertxundi; eta Udal Elkarteko lehendakaria, Amaia Guruzeta, prentsaurreko baten bitartez hondakinak biltzeko sistemari buruzko adierazpen bateratua egiteko.
Hitza lehendabizi Amaiak hartu eta ondoren Beñat eta Iñakik osatuko zuten adierazpenaren mamia. Honala azaldu zuten euren jarrera: «Gaur hona etortzera gonbidatu bazaituztegu, Urola Kostako Mankomunitatea osatzen dugun udal gehienek, eta erakundeak berak, konpromiso argi bat plazaratu nahi dugulako da», hasi ziren.
Pasa den astean hainbat herrik jakitera eman zituzten bilketa selektiboaren tasak aipatu zituzten jarraian. «Horien arabera, Zarau-tzek hondakinen %33 biltzen du bereizita, Getariak %25 eta Oriok %29. Datu horien aurrean, eta Europako legediak ez ezik, gure borondateak ere murriztu, berrerabili eta birziklatzearen alde egitera bultzatzen gaituenez, egoerak, eta batez ere datuek, aldaketa bat behar dugula erakusten digu», esan zuten.
Adierazpenean jasotakoaren arebera, aldaketa bat beharrezkotzat jotzen dute. «Bereizita jasotzen ez den guztia, herri batzuetan %75, Urtetako zabortegian uzten dugulako, horrek sortzen dituen ondorio ekologiko, ekonomiko eta osasunezkoekin».
Publicidad
Honen harira, adierazpenaren lehen puntuan, konpromiso argi bat azaltzen dute birziklatzearen alde. «Orain baino gehiago birziklatu behar dugu, bilketa selektiboaren tasak igoz. Iruditzen zaigu, eta argi dugu, eztabaida ez doala horrenbeste sistema bat edo bestea ezartzetik, baizik eta gutxieneko birziklapen maila batzuk lortzetik. Eta gaur egun, sistemek gehiagorako aukerarik uzten ez dutelako edota herritarrak behar beste sentsibilizatu ez ditugulako, ditugun emaitzak ditugu».
«Egungo egoera ezin dugu mantendu ondorioak gure herrialdean bertan ikusten ari garelako», nabarmendu zuten.
Honenbestez, Abendañon ordezkatuta zeuden lau herriok, «eta Usurbilgo itunean esaten zen bezala, birziklatzearen, gehiago birziklatzearen aldeko konpromisoa berresten dugu. Egun herri batzuek %75 zabortegira bidaltzen duten bezala, guk gutxienez %75 bereizita jasotzeko bitartekoak aztertzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu».
Publicidad
Usurbilgo Itunak dioen bezala ere, «zabortegi guztien itxiera eta erraustegirik gabeko hondakinen kudeaketa baten alde egingo dugu. Urola Kostan bizi garenon osasuna da lehenesten dugun irizpidea gaiaren aterabidea zedarritzeko, beste edozein irizpideren gainetik. Osasuna lehenesteak, ordea, ez du esan nahi gainerako irizpideak kontutan hartzen ez ditugunik, hala nola, ingurumena, ekonomia, lanpostuak, e.a.».
Abendañon ordezkatuta zeuden udal eta erakundeak «bat egiten dugu Urola Kosta osorako 'Zero zabor' programa zabala ezarri eta garatzeko beharrean. Gipuzkoarako zero zabor programak modu egokian eta nahikoan konbinatu beharko ditu bilketa selektibo egokia eta konpostajea, bi alderdi hauek osatzen baitute hondakinen arazoa konpontzeko soluziobideen ardatza. Zentzu horretan, txalotu egiten dugu Zumaiak hartu duen erabakia».
Publicidad
Azaldu zutenez, aipatu bide horretan konponbidea «herritarrak izan behar duela uste dugu. Sistema bat edo bestea baino, herritarren jokabide arduratsuan sinesten dugu, eta egungo emaitzetatik besterakoa, beraiekin batera egin behar dugunaren zalantzarik ez dugu. Hemen ez baitago mirarizko sistemarik, jendearen ardura da konponbiderako bidean jartzen gaituena».
Horregatik bilketa selektiboko emaitza «altu eta on batzuk lortzeko erabakiak hartuko ditugula eman nahi dugu aditzera. Baina, esan bezala, herritarrak are gehiago sentsibilizatuz eta konprometituz».
Atzokoan aditzera ematen zuten konpromisoa argia dela azpimarratu zuten: «erraustegirik ez, zabortegirik ez, birziklatzea bai. Konpromiso hori dugu Zarauzko, Zumaiako, Getariako eta Orioko udalek eta baita Urola Kostako Udal Elkarteak ere».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión