Las diez noticias clave de la jornada
EXPOSICIÓN

Bere kabuz aritu zen erretore eta poeta 'feminista'

Etxepareren lanaren kalitate literarioa azpimarratu du Xabier Kintana euskaltzainak

N. AZURMENDI

Miércoles, 2 de febrero 2011, 02:45

Publicidad

1995ean, 'Linguae Vasconum Primitiae'-ren 450. urteurrena zela eta, liburu bikaina argitaratu zuen Euskaltzaindiak. Patxi Altuna zenaren hitzaurreak modu ezin hobean ireki zienhan bidea Etxepareren poemei. Eta ez bakarrik euskaraz, gaztelaniara, frantsesera, ingelesera, alemanera eta italierara eraman baitziren Altunaren lana eta Etxepareren hitzak. Interneten (euskaltzaindia. net/dok/iker_jagon_tegiak /13964.pdf) eskuragarri dagoen lan erraldoi hura Xabier Kintana euskaltzainak koordinatu zuen.

Hamasei urteren buruan, Euskal Herrira Etxepareren liburua estreinakoz ikusteko aukera ekarri duen erakusketaz arduratzea egokitu zaio Kintanari. Atzoko aurkezpenean liburua «herri hizkuntzen berpizkundean» kokatu zuen, azpimarratuz, betiere, latinetik norberaren hizkuntzarako urratsa burutzea askoz ere errazagoa gertatu zitzaiela 'latinkume'-tzat har daitezkeen italierari, gaztelaniari edo frantsesari gainerakoei baino. Zer esanik ez hizkuntza, urrunekoa izateaz gain, herri txiki batena baldin bada...

Baina Etxepare, itxuraz, ez zuten kikildu muga horiek, eta berehala ikusi zuen bere lana zabaldu nahi bazuen ezinezkoa zuela garaiko teknologia berrietara egokitzea: «Amanuense batek hiru orri besterik ez zituen kopiatzen egunean, eta horrek liburuak urre prezioan jartzen zituen. Inprentak merkatze izugarria ekarri zuen, eta hori ondo zekien Etxeparek. Hain zuzen, liburuan bertan aipatzen du berea dela euskaraz inprimatutako lehen liburua, eta hori azpimarratzen du bazekielako nolako mesedea zekarren».

1571.ean Joanes Leizarragak jarraituko zuen bidea irekitzea da, beraz, Etxepareren aurreneko meritua. Ez ordea bakarra... Hain zuzen ere, Leizarragak enkarguz euskaratu zuen Itun Berria, atzetik misio bat -protestanteen fedea zabaltzea- eta erregina bat -Albreteko Joana-, zituela. Dakigula, Etxeparen ez zeukan munta horretako babeslerik. «Espontaneo bat izan zen, bere kabuz ibili zen», dio Kintanak.

Publicidad

Tamalez, ezer gutxi dakigu Bernart Etxepari buruz, eta Xabier Kintanaren aburuz, «ezustean paperen bat azaltzen ez bada, agian ez dugu inoiz dakiguna baino gehiago jakingo. Zoritxarrez, ez dago arrasto handirik». Dakiguna da, berak kontatzen duelako, kartzelaldia bete zuela, ustez Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean Fernando Katolikoaren alde agertzeagatik; 'españolista' izateagatik alegia. «Berak ukatu egiten du liburuan. Sinesten badugu esaten duena, ustezko españolismo hori norbaitek asmatu zuen Etxepareri kalte egiteko. Garai hartan parrokia onak eta txarrak zeuden, eta badakigu liskarrak izan zituela kargu baten kontura». Beraz, Etxepare sekulako gezurtia ez bazen, bidezkoa da sinestea salaketa eta kartzelaldia kide jeloskor eta inbidiatsuren baten jukutriaren ondorio izan zirela.

Feminista ere bazen, Kintanaren ustez, Bernart Etxepare, «oso feminista, emakumeen alde hitz egiten du eta horretarako arrazoiak ematen ditu, nire ustez sakonak eta ukatu ezinezkoak». Horrez gain, badirudi abade izan arren maitasun kontuetan bazuela eskarmentua, edo ona zela bestela zuzeneko lekukotasunak biltzen eta islatzen, edo irudimen handikoa. Eta argi gelditzen da euskara zela bere maitasun handietako bat.

Publicidad

Euskarari eskainitako bi poemek, liburua ixten duten 'Kontrapas' eta 'Sautrela' izenburukoek alegia, estali egin dituzte neurri handi batean gainerako guztiak, baina Kintanaren ustez Etxeparek merezi du irakurlearen arreta: «Ez da oso modernoa, errima berririk eta aportazio berritzailerik ez du egiten, baina gaien aldetik baditu gauzak nahiko progresistak direnak. Esate baterako, herri hizkuntzari bultzada emateko asmo hori, nola egiten duen etorkizunerako apustua... Eta, tradizionala izan arren, forma aldetik oso poeta ona da, benetan irakurgarria». Hortxe gonbita.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad