Kros Mistoa eta Bertso-afaria izango dira astelehenean
Gaur bost talde ariko dira IV. Melokotoi Errugbi Topaketan Elbarrenan, Danena zelaian
IMANOL ARRATIBEL
Larunbata, 3 iraila 2022, 00:04
Zizurkilgo XIII. Kros mistoa izango da irailaren 5an, astelehena, arratsaldeko 19:00etan, Danena Atletismo Taldearen eskutik. Luzera 5 km izango dira, lau itzuli zirkuituari (2008. urtean edo aurrez jaioak). Aurretik umeen lasterketa egongo da (2009. urtean edo ondoren jaioak), 18:30ean.
Izen-ematea dohainik izango da lasterketa hasi baino ordubete lehenago. Amaieran, lehenengo hiru bikoteentzako sariak banatuko dira, eta hauekin batera afarien zozketa egingo da. Dutxatzeko aukera ere egongo da.
Bestalde, 21:00etan bertso-afaria iragarri da Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin Urkamendi elkartean. Gai-jartzailea Igotz Alkorta izango da.
Errugbi topaketa, gaur
Emakumezkoen IV. Melokotoi errugbi topaketa ospatuko da gaur Elbarrenan, Danenaren zelaian. Bost errugbi talde elkartuko dira aurtengo norgehiagokan: La Unica (Iruñea), Stade Hendayais (Hendaia), Ordizia R.E, Hernani eta AVK Bera Bera (Donostia) taldekoak. Topaketak goizeko hamaiketan hasiko dira.
Topaketa Zizurkilgo Udala, Danena futbol taldea eta Bera Bera errugbi elkartearen artean antolatzen dute, emakumezkoen kirola eta errugbia bultzatzeko helburuarekin. Horiek guztiek errugbia bertatik bertara ikusteko eta kirol honetaz gozatzeko aukera eskainiko digute. 14:30ean, talde ezberdinetako jokalariek elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute Joxe Arregi plazan egingo den bazkarian. Edozeinek hartu dezake parte bazkarian eta txartelak salgai daude Egarri, Atxulondo eta Pasus tabernetan.
Zapiak eta poltsa berriak
Urtero bezala, festetako zapiak egin ditu Jai Batzordeak, eta egun hauetan, herriko tabernetan egongo dira salgai, 3 euroren truke. Larunbatean, irailak 10, Jai Batzordeak egindako poltsa berriak jarriko dituzte salgai, 5 eurotan.
Azkenik, barrakak ere egongo dira festetan. Bidaia bakoitzak 1,8 euroko balioa izango du, eta haurren egunean, irailaren 8an, euro bat balioko du bidaia bakoitzak.