Galtzaundik hasiera eman dio Mintzalaguna egitasmoari
Hamahirugarrenez, euskara taldeak 55 pertsona bilduko ditu aurten Tolosaldean asteroko topagunean
Hizkuntza baten ikaskuntza-prozesuan praktika funtsezkoa da; zenbaitetan, baina, ahozkotasuna lantzeko aukerak ez dira nahikoak izaten. Mintzalaguna bezalako egitasmoak topagune ezin hobea bilakatu dira azken urteotan egunerokoan lotsa alde batera utzi, eta euskaraz hitz egiteko konfiantza eskuratzeko.
Tolosak aurkeztu du aurtengo Mintzalaguna egitasmoaren izen-emate kanpaina berria. Tolosaldeko euskara teknikariak, Mintzalaguna egitasmoa bultzatzen duten eskualdeko udaletako ordezkariak, UEMA eta Galtzaundi Euskara Taldeko kideak herritarrei zuzendu dira 'Zurekin euskaraz egin nahi dugu!' adierazteko: «mintzapraktika ongi pasatuz euskara praktikatzeko ezagutzen duten aukerarik onena dela diote parte hartzaileek», diote euskara taldetik.
1994an jarri zen martxan Donostian Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eskutik, eta Galtzaundik 2009tik darama asteroko hitzodua taldeen bitartez antolatzen. Egun, 7.000 herritarrek baino gehiagok parte hartzen dute urtero Euskal Herrian. Tolosaldean 72 herritarrek parte hartu zuten iaz 18 taldetan banatuta: Tolosan 48k, Zizurkilen 12k, Villabonan 6k, eta Altzon, Anoetan eta Iruran talde bana eratu ziren.
Aurten 55 lagun bilduko ditu euskara taldeak, eta aurrera begira urte oparoetako datuak berreskuratzea du helburu, 65 lagunekin.
Egitasmoaren helburua da euskararen erabilera sustatzea, eta euskara ikasten edota ahozktasun-maila hobetu eta landu nahi duen orori laguntzea.
Bi modutara parte hartu daiteke: bidelari gisa, euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz, edota bidelagun gisa, euskara aise erabiltzen dutenak dira, eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen duten euskaltzaleak dira.
Galtzaundik adierazi duenez, «harreman berriak sortu eta indartzen dira euskaraz. Taldean elkarrekin aritzen dira eta euskaraz egiteko ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute, hizkuntza hautuetan eraginez».
Egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jada; informazioa jaso edota Mintzalagunan parte hartzeko Galtzaundi euskara elkartera edota udalera jo daiteke.