Plazida Otañoren omenez liburu berria
Udalak bertsolariari eskaini dion 'Plazida, oihartzunaren plaza' lana Oihana Iguaranek eta Maria Altunak egin dute
IMANOL ARRATIBEL
Zizurkil.
Martes, 23 de noviembre 2021, 00:11
'Plazida, oihartzunaren plaza' ipuin ilustratua kalean da. Oihana Iguaran bertsolari amasarrak jarri dizkio hitzak lan berri honi eta Maria Altuna artista zizurkildarrak egin ditu ilustrazioak, liburu ederra osatuz.
Publicidad
Bertsolaria zen Plazida, eta emakumea. Hori dela eta, ez zen eszenatokietara igo, ez zuen plazako saioetan parte hartu, ez zuen bere trebetasuna jendaurrean aurkezteko aukerarik izan.
Plazida Otaño Odriozola bertsolari zizurkildarra atera nahi du argitara liburu honek. 1867ko otsailaren 18an jaio zen Plazida Otaño. Bertso munduari lotutako abizena da Otaño. Errekalde baserriko sukaldean makina bat bertso abestu eta entzungo ziren. Sukalde hartan hazi zen Plazida Otaño Odriozola. Bertso-etorria sehaskatik bertatik jasoz.
Aurkezpenean Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak hartu zuen hitza eta bertan esan zuenez «2016an liburutegi berria martxan jarri zenean, garbi izan genuen Plazidaren izena argitara ekarri behar genuela. 2021ean, Plazidaren figura ezagutarazteko beste pauso bat eman dugu. Aipamen berezia egin nahi nieke Kultura Saileko kide guztiei, batez ere liburutegiko arduradunei, egin duten ahaleginatik eta baita ere, nola ez, Maria Altuna eta Oihana Iguaran egileei, lan zoragarria gauzatu dutelako».
Ez da hau Zizurkilgo Udalak aterako duen lehen liburua. Zizurkilgo historia biltzen duten liburuan argitaratu ditu Aranzadirekin elkarlanean eta Hernandorena kultur taldeak ere argitalpen ezberdinak egin ditu. «Ipuinei dagokionez, hirugarrena litzateke Plazidaren inguruko hau. Atxulondoko azken olagizonak zabaldu zuen bidea. Leire Zubeldia zizurkildarrak idatzi zuen gure herriko burdinola, Atxulondoko gune magikoa ardatz hartzen duen kontakizuna. Iraila honetan bertan atera da bigarren ipuina. Pli pla, Elbarrenako jaietako pertsonaia protagonista duen kontakizuna. Hau ere herriko bi egilek gauzatua: Izaro Lizarraga eta Iraitz Lizarraga. Oraingoan, Amasa eta Zizurkil arteko zubia eraiki dugu, Oihana eta Mariarekin»
Banaketa eta salmenta
'Plazida, oihartzunaren plaza' liburuaren 1.000 ale inprimatu dira. Lehen aleak interesa azaltzen duten herriko familiei ale bana emango zaie, larunbatean irakurraldi publikoaren ondoren. Lehen ale horietan, gainera, bi egileek sinatutako ilustrazio bat jasoko dute opari. Gainerantzean, Gipuzkoako liburutegiek ale bana jasoko dute, Plazidaren figurak zabalkundea izan dezan.
Publicidad
Hortik aurrera, liburua salgai jarriko da, 10 eurotan, honako salmenta puntuetan: Plazida Otaño liburutegia, Villabonako Basajaun liburudenda eta Bilboko Anti liburutegia, Durangoko Azokan Bertsozale elkarteak jarriko duen postuan.
Bestalde, Maria Altunak liburu honetarako egindako ilustrazioak jasotzen dituen erakusketa ikusgai egongo da aste honetan zehar liburutegian bertan aste osoan zehar.
Larunbatean, herriko haurrek liburuaren irakurketa publikoa egingo dute, Plazida Otaño liburutegian, goizeko 11:30ean hasita. Ondoren, haurren artean egidako Plazidaren eskultura bistaratuko dute, liburutegian bertan. Ikastetxe bakoitzak eskulturaren zati bat egin du, eta larunbatean elkartu egingo dituzte, Plazidaren eskultura berezia osatzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión