Osinalde txapelketa Gorka Paganabarragak irabazi du
ARANTZAZU BAZTARRIKA
Gabiria.
Martes, 30 de marzo 2021, 00:28
Andra Mari elizan jokatu da XLIX. Bertsolari gazteen Osinalde Saria. Edizio honetan bai kanporaketak (Aztiria, Osinberde eta Argi-Berri sariak) eta bai finala aretotan egitea erabaki zuten antolatzaileek ohiko mahai inguruen beharrean, eta bertsolariek afariak faltan bota badituzte ere, horrek ez du ekidin saio bikain eta goxoak aurrera eramatea.
Publicidad
Osinalde finalera, aurreko hiru kanporaketetatik, Ane Zuazubiskar arrasatearra, Unai Izagirre azkoitiarra, Urko Arregi oiñatiarra, Aroa Arrizubieta gasteiztarra eta Xabat Illarregia leitzarra sailkatu ziren, baina, koronabirusa medio, azken honek ez zuen bertaratzerik izan eta bere ordez Gorka Paganabarraga lehiatu zen. Saioaren gidaritzan, gai-jartzaile, Jokin Murua gabiritarra aritu zen.
Besteak beste eutanasia, gizarte neoliberaleko zaintza eredua, matxismoa, drogak, edo euskara gai hartuta bertsolariek binaka, banaka, puntuka, 8ko txikian, neurri librean edo 10eko txikian kantatu behar izan zuten.
Saioa elizan egiteak bere jokoa eman zien bai bertsolariei eta bai antolatzaileei, esate baterako publikoak bertsolari gustukoena hautatzeko saskia pasa zuten antolatzaileek, edo Gorka Paganabarragak bere agurrean, bere asmoak mahi gainean jarriz, monagilo bezala iritsi bazen ere sermoia botako zuen apaiza izatera zetorrela azpimarratu zuenean.
Esan eta egin, 2021eko Osinalde txapelketa hau Gorka Paganabarragak irabazi baitzuen, nahiz eta bertara ordezko gisa iritsi.
Sari honez gain, publikoaren saria, Altzibar lore dendak emanda, Ane Zuazubiskarrentzat izan zen; eta bertso onenarena, Gabiriako gazte asanbladaren eskutik, Urko Arregik Ane Zuazubiskarrekin batera egindako ariketa batean bota zuen honako honentzat:
Publicidad
Ta aurkezle bezela
Hor Klaudio Landa
Hori beti kaletar
Txatxu bat izan da
Txapelketa honetako hiru garaikurrak Pott keramikak eta Maialen Igartzabalek egin zituzten. Saioan zehar, osasun neurri guztiak hertsiki bete eta bete arazi zituzten antolatzaileek, bertsolariek eta ikusi eta entzutera sartzeko aukera izan zuten 84 pertsonek, sarrerak aspaldi agortuta jende asko bertaratu ezinda gelditu baitzen.
Datorren urtean Osinalde Sariaren L. edizioa izango da, ea hau bere Osinalde elkarteko bertso bunkerrean ospatzea dagoen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión