Pilotaz beteriko jaialdia Ordizian: bost final eta agur beroa denboraldiari
Beti Alai pilotalekuan jokatutako bost finalek giro aparta sortu zuten eta agur beroa eman zioten Oiangu Pilota Elkartearen denboraldiari
Beti Alai pilotalekuan uztailaren 25ean jokatutako jaialdiak amaiera borobila eman zion Oiangu Pilota Elkarteak 2024-2025 denboraldiari. Arratsaldeko hitzordua ez zen nolanahikoa izan: bost final, pilotazaleen babesa eta giro ezin hobea. Haur eta helduen arteko norgehiagokek maila handiko jokoak eta momentu zirraragarriak utzi zituzten kantxan, pilotazaleen txalo eta animo artean.Benjaminen partidak ireki zuen jaialdia. Finaletako urduritasuna nabari zen pilotarien artean, baina Ibai Goiburu eta Oinatz Arruabarrena bikoteak hobeto kudeatu zuen egoera, eta 20-08ko emaitzarekin gailendu ziren Harri Pedrosa eta Oier Goñiren aurka. Azken honek, gainera, aurreko astean eskuzko beste final bat ere irabazia zuen. Alebinen finala lehia bizikoa izan zen eta armailak girotu zituen lehen aldiz. Enaitz Zarrabeitia eta Danel Gorrotxategik 25-22 irabazi zuten, baina Vlad Volochai eta Aratz Arrieta —oraindik benjamina— ez ziren atzean geratu, eta bi bikoteen artean norgehiagoka luzatu eta borrokatsua ikusi ahal izan zen.
Etorkizuneko pilotarien arteko partida ere estua izan zen. Telmo Martin eta Aner Rekondo nagusitu ziren 30-25eko emai-tzaz, nahiz eta aurkari gogor izan zituzten Telmo Carballo eta Aritz Maiora. Aner atzelariaren jokoak erabaki zuen neurketa.
Emakumeak, goi-mailan
Emakumezkoen finalean, hasiera batean aurreikusitako bikoteetako bat aldatu behar izan zuten: Miren Larrartek ezin izan zuen parte hartu, eta haren ordez Uxue Olano aritu zen Amaia Irazustabarrenarekin bikote osatuz. Hala ere, ezin izan zioten aurre egin Nagore Murua eta Amaia Irazustabarrenak osatutako bikoteari, eta 35-19ko markagailuarekin amaitu zen finala. Eguneko azken norgehiagoka, eta zalantzarik gabe zirraragarriena, Aimar Etxeberria eta Aritz Garikano (gorriz) eta Aitor Gonzalez eta Manex Prieto (urdinez) bikoteen artean jokatu zen. Partida estua, akats batzuk eta tanto ikusgarri ugarirekin. Azken unean, urdinek lortu zuten garaipena 35-34ko emaitzarekin, zaleen txalo zaparradarekin.
Horrela eman zitzaion amaiera pilotaz beteriko arratsaldeari. Zaleak gustura, pilotalekua beteta eta pilotariek merezitako atsedenaldia hartzeko prest. Irailean itzuliko dira kantxara, borrokarako gogoz. Ordiziak eta Oianguk, beste behin ere, erakutsi zuten pilotaren aldeko grina bizirik dagoela.