Martin Aramendi izango da UEMAren lehendakari berria
Ataungo alkateak Iraitz Lazkanoren lekukoa hartuko du karguan hurrengo lau urteetarako
Martin Aramendi, Ataungo alkatea, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) lehendakari berria izango da karguan Iraitz Lazkano ordezkatuta larunbat honetan Ataunen egindako batzarrean adostu duten bezala. Hurrengo lau urteetarako harekin izango dira zuzendaritza batzordean lehendakariorde bezala Irune Urbieta (Zarauzko zinegotzia) eta beste bederatzi eledun. Azken hauteskundeetako emaitzen arabera alderdiei dagokien ordezkaritza eta lurraldetasuna kontuan hartuta osatu da zerrenda, alderdiek adostasunez aurkeztua eta Batzar Nagusiak aho batez onartua.
Aramendik (Ataun, 1970) kazetaritza eta itzultzaile ikasketak egin zituen eta trebatzaile, itzultzaile eta irakasle lanetan aritu da, besteak beste. Goierriko bertso eskolan hasi zen bertsotan, eta gai-jartzaile eta epaile lanetan ere ibili da urte askoan. ETBko Hitzetik Hortzera telebista saioan ere aritu izan da hainbat urtez. Euskaltegiko euskara irakaslea da lanbidez, azken lau urteotan Ataungo alkatetzari eskaini badio ere lanaldi osoa. Oraingoa, beraz, bigarren agintaldia du Ataungo alkatetzan.
Zuzendaritza batzordea:
-
Lehendakaria: Martin Aramendi (Ataungo alkatea. EH Bildu).
-
Lehendakariordea: Irune Urbieta (Zarauzko zinegotzia. EAJ).
-
Bokalak: Dabid Anaut (Leitzako alkatea. EH Bildu), Eneko Fernandez (Lesakako zinegotzia. EH Bildu), Ainara Ipiñazar (Igorreko zinegotzia. EAJ), Iratxe Lasa (Markina-Xemeingo alkatea. EH Bildu), Aitor Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia. EH Bildu), Asier Mingo (Hernaniko zinegotzia. EH Bildu), Idoia Odriozola (Etxebarriako zinegotzia. EAJ) eta Irati Urberuaga (Aulestiko alkatea. EH Bildu).
Kargua hartu ostean egindako agerraldiak, Aramendik esker hitzak izan ditu jasotako konfiantzagatik eta «arduraz, lanerako gogoz eta ilusioz» hartzen duela aitortu du, «UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua» delako. Azken agintaldian UEMAren lana aitortzeko eta UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: «Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Dena dela, euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira».
Ildo horretan, zuzendaritza batzordea adostasunez onartu izana «garrantzitsua» dela nabarmendu du lehendakari berriak, «alderdi eta kultura politiko ezberdinetako kideek» osatuko dutelako horrela. «Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere».
Egun 101 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, tartean Zeanuri.