Linogintzaren prozesua ikusgai Errastiolatza museoan
ANDONI ETXEBERRIA
Osteguna, 17 azaroa 2022, 00:08
Rafa Berasategiren Errastiolatza museoan linogintzaren prozesua eta garai batean ehungintzak zuen garrantzia ikusi daiteke. Landarea lore-hori hau ereitetik hasi, uzta jaso eta bere izpiez ehuna nola egiten zen ezagutzeko aukera ematen da. Ehundegi bat ere badauka, Galiziatik ekarria, hariak ehotuz ehuna nola sortzen zen erakusten duena. Emakumeak linoa jotzen ere ikusten dira, Segurako Etxeberri baserrian XX. mende hasieran ateratako argazki batean.
Museora joaten diren bisitarien artean asko dira linoaz eta ehuleek garai batean zuten garrantziarekin interesatzen direnak. Rafaren arabera, «museoa zabaldu nuenetik linoari eta ehungintzari garrantzi handia eman diot eta urtetik urtera informazioa osatzen noa, ehungintzak Seguran eta Euskal Herrian izan zuen bilakaeraren inguruan. Bisitariei asko gustatzen zaie. Adibidez, Donostiako sei emakume etorri ziren duela aste pare bat eta erabat harrituta geratu ziren museoan jasota daukaten informazioarekin eta Balentin Txiki eta Maritxu Segurako ehuleen historiarekin. Linogintzak sekulako garrantzia izan zuen Euskal Herrian XX. mende hasiera arte eta jende askok ez daki».
Linogintzak funtzio oso garrantzitsua zuen baserri guztietan, arropa, izara edo zakuak egiteko eta, duela ehun urte, erreminta motordunak azaldu zirenean, milaka urte zituen bizitzeko modu bat desagertu zen. Berasategiren esanetan, «XX. mende hasiera arte linoa baserri guztietan lantzen zen. Soroetan garia eta artoa ereiten zen eta baserriaren inguruan linoa. Ez zuten beste erremediorik, artilea oso garestia zelako. Hemengo baserrietan 5-6 ardi izaten ziren gazta egiteko eta ez zuten ematen artilerako. Linoa irailean ereiten zen eta maiatzean jaso. Elizak egutegian ere jasoa zuen, San Lino, irailaren 23an. Linoaren izpiez lortzen ziren hariak gero ehulearengana eramaten ziren. Seguran baziren ehuleak hirigunean eta baita bi baserrietan ere, Landarregi-Txikin eta Karobietan».
Ezkontzeko garaian emakumeentzat oso garrantzitsua zela dio Berasategik norberak egindako arropa eta izarak izatea, arreo edo ezkonsarirako: «emakumeak ezkontzen zirenean norberak egindako izara eta arropak behar zituzten arreorako, ez erositakoak, nahiz eta dirua eduki. Entzunda daukat Kale Nagusian elizara bidean zijoazten emakumeei aurpegira esaten zietela ez zirela beraien egindakoak, erositakoak baizik, eta emakume horientzat lotsa handia izaten zen gauza horiek entzutea».
Istorio isildua
Errastiolatza museoan Segurako azken ehuleak izan ziren Balentin Txiki eta Maritxuren istorioa ere ikusi daiteke. Balentin Aldasorok Xoxone etxeko atarian zuen ehundegi tailerra, Unzurrunzaga kalean, XX. mendeko bigarren hamarkada arte martxan egon zena. Matzelina Gorrotxategi izan zuen lehen emaztea eta, hura hiltzean, Maria Frantziska Lasa, Maritxurekin, ezkondu zen.
Rafaren arabera, «Balentin Txiki eta Maritxu izan ziren herriko azken ehuleak eta beraien inguruan badago istorio bat Seguran isildua izan dena. Garai hartan emakumeentzat galarazia zegoen ehule lanak egitea. Seinalatu egiten zituzten, apaizek pulpitutik batik bat, baina Maritxuk ez zuen kasurik egin eta lanean jarraitu zuen. Maritxu hau Mantxinbentakoa zen jaiotzez, emakume oso ausarta, benetako ispilua gaur egun berdintasuna aldarrikatzen dutenentzat. Elizara joateari utzi zion sekulakoak esaten zizkiotelako eta, beranduago, apaizen eraginez, herritarren erasoak ere jasotzen hasi zen. Azkenean, etxetik irtetzeari utzi eta tristuraz hil zen 1925ean, 60 urterekin».