Irurako emakumeen ekarpena lantzeko liburuxka aurkeztu da
LHko hirugarren zikloko ikasleei zuzendutako unitate didaktikoa da, non 20 emakumeen testigantzak jaso diren
NÚÑEZ
Sábado, 12 de febrero 2022, 00:04
Duela sei hilabete Irurako udalak herriko emakumeen ekarpena aztertzeko eta ezagutzera emateko beka sortu zuen. Amaia Altuna Etxabe eta Nerea Maiz Loitegui izan ziren bekaren onuradunak eta atzo aurkeztu zuten egindako lanaren fruitua: LHko hirugarren zikloko ikasleei zuzendutako unitate didaktikoa.
Publicidad
Altuna eta Maiz pedagogia graduko ikasleak dira, horregatik, ikasleei zuzendutako liburuxka sortu dute. «Helburua izan da Iruran historia ofizialetik kanpo geratu diren emakumeen emaria argitara ematea, herritarrei baina zehazki Lehen Hezkuntzako 3. zikloko ikasleei», azaldu zuen Nerea Maiz irurarrak. Lan arlo ezberdinetako emakumeak kontutan izan dituzte, bai etxeko lanetan aritu zirenak zein lantegietan edota beste esparruetan aritzen direnak. «Berdintasunaren eta genero estereotipoen gaiak lantzen dira, eta horretarako hausnarketa da aukeratu dugun bidea», adierazi zuen Amaia Altunak.
Adin zein lan esparru ezberdinetako emakumeak elkarrizketatu dituzte ikerketa lanerako, eta guztien historiak jaso dituzte unitate didaktikoan. Herriko dendak, baserria, feminismoa, artea, joskintza, udala, industria, kirola edota zaintza izan dira landutako esparruak eta hogeitik gora emakumeren testigantzak jaso dituzte, besteak beste, Juli Irazu eta Larrinaga Arreseigor ahizpa dendariak; Mari Carmen Iradi baserritarra; Garazi Karrera, Noelia Lataburu eta Begoña Vazquez emakume taldeko kideak; Carmen Ameztoy eta Lore Amenabar musikariak; Modesta Agirrezabalaga eta Loitegi Yaben ahizpa jostunak; Marimi Ugalde andereinoa eta lehen emakumezko alkatea; Xatur Mendizabal, Izaskun Sardina eta Julita Ayerza fabrikako langileak; Eladia Altuna eta Maria Lasa kirolariak; eta Maritxu Saizar eta Rufina Yaben etxeko zaintzaileen erakusleak.
Ikerketa lana osatzeko elkarrizketa guztietatik jasotako informazioarekin memoria sakona osatu zuten, eta hortik abiatuta sortu dute unitate didaktikoa. «Teoria pixka bat badu, baina ariketa praktikoen bitartez emakumeen testigantzak lantzen dira», azpimarratu zuten.
Liburuxka nahi duten herritarren zein interesa duten pertsonen eskura jarriko da. «Nahi dutenek Udaleko Berdintasun sailean eskuratu dezakete ale bat, eta udalaren webguneko Berdintasun atalean ere egongo da eskuragarri edonork deskargatu dezan», azaldu zuen Noelia Lataburu Berdintasun zinegotziak, eta herritar guztiak animatu zituzten emakumeen bizipenak ezagutuz berdintasunean sakontzera.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión