Idiazabalgo ahalduntze eskola aurkeztu dute
Atzo goizean aurkeztu zen Idiazabalgo ahalduntze eskola
IKER AIZPURUA
Idiazabal.
Asteazkena, 2 martxoa 2022, 22:15
Ahalduntze eskola emakumeen jabetzea eta parte hartze sozio-politikoa sendotzeko lekua da. «·Eskolaren helburua emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan maila guztietan eragitea da, Idiazabalgo emakumeon arteko sareak sortuz eta ikusgaitasuna lortuz», azaldu zuen Eunate Elio Berdintasun zinegotziak. Martxoan hasi eta uztailera bitarteko egitaraua aurkeztu zuten bertan. Tartean, zenbait ikastaro izango dira. Ama-alabei zuzendutako ziklikotasun ikastaroa eta ukendu ikastaroa besteak beste.
Eskolaren txoko bereziena, Pilarren Ganbara izango da. «Tertuliarako eta hausnarketarako emakumeon txokoa izango da», azaldu zuen Eliok. Honen ideia, emakumezkoen talde egonkor bat sortzea dela azaldu zuten, hilean behineko saioak eginez. «Horrela, elkar zainduz, elkarrekin ahalduntzeko», gehitu zuen Eliok.
Lilaldia 2022
Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aurten antolatutako egitarau bateratua ere aurkeztu zen bertan. Mota guztietako ekintzak izango dira: jaialdia, proiekzioak, ipuin kontaketa, antzezlana... Bihar emango zaio hasiera egitarauari. «Goizeko 11:00etan Aizan! Festa ospatuko da, plazako karpan, gonbidatu bereziekin. Jarraian poteo morea egingo da» azaldu zuen Alazne Elorza, Komunitate dinamizatzaileak.
Larunbatari bukaera berezia emateko, «Latsariak dokumentalaren proiekzioa egingo da Guraso Elkartean, garai batean lixiba egiten ziren emakumeen ingurukoa. Eta jarraian, lixiba egiten aritzen ziren Idiazabalgo emakumeei ahotsa emango zaie», gehitu zuen Elorzak. Honekin, garai batean emakumeek egiten zuten lana balorean jarri eta ikusarazi nahi dela azpimarratu zuten.