Baserriko bizitza barrutik ezagutuz

Bidania. Familia ugari gerturatu ziren Bidaniara eta haurrek ederki pasa zuten oiloak gertutik ikusten. /
Bidania. Familia ugari gerturatu ziren Bidaniara eta haurrek ederki pasa zuten oiloak gertutik ikusten.

Gipuzkoako eta Bizkaiko baserriek beren ateak ireki zituzten Enbak antolatzen duen 'Ongi etorri baserrira' egitasmoaren bosgarren edizioan | Tolosaldean ere izan ziren beren lana erakutsi zutenak, besteak beste, Errezilgo Basabe eta Bidaniko Zelaondo

YARZA ERREZIL/BIDANIA.

Biak hala biak behiekin hasi zuten beren ibilbidea, baina gaur egun Errezilgo Basabek sagarrondoak ditu eta eta Bidaniko Zelaondok Lumagorri oiloak hazten ditu. Bi egunetan hogei pertsona inguruko talde bana gerturatu zen baserriotara bertako produktuak eta lana ezagutzera, Enbak antolatzen duen 'Ongi etorri baserrira' egitasmoaren bosgarren edizioan. Bidaniara familia ugari gerturatu ziren beren seme-alabekin eta bisitaren ondoren 'Nirea Itsalurra!' tailerrean parte hartu zuten. Hogei pertsona inguru gerturatu ziren Basaberaino, Donostiatik, Azpeititik, Asteasutik, baita Errezil bertatik ere, eta gustura entzun zituzten Jose Antonio Labakak eskainitako azalpenak, baita galdera ugari egin ere.

Basaben etxerako ogia egiten dute eta inguruan mota ezberdinetako sagarrondoak dituzte, mahairako zein sagardotegietarako, saltzen dituztenak. «Iaz sagar asko eman zuten, aurten oso gutxi izango da. Sagarrondo batzuk beteta daude baina beste batzuetan gutxi», azaldu zuen Jose Antoniok. Errezil edo Ibarbi sagarraz gain, mahairako elstar edota reina reineta barietateak dituzte.

«Dena eskuz jasotzen dugu. Mahairako direnak ezin dira kolpatu, bestela segituan galtzen dira. Kolpatzen badira, sagardoa egiteko erabiltzen dugu. Baditugu ia hamar metroko altuerako zuhaitzak, franko deitzen direnetakoak, eta eskailera zazpi metrokoa da. Baina sagar onenak goikoak dira», zioen.

Sagarrak Zerkausira

Sagarrak larunbatero Tolosako Zerkausian saltzen dituzte Jose Antonioren gurasoak, Manuelek eta Maria Luisak. Sagardotegira ere saltzen dute, «lehengo urtean Errezildik 250 tona sagar saldu ziren sagardotarako», gogoratu zuen. Labakatarrek etxerako ere egiten dute eta sagardoa zein sagar-zuku pasteurizatua dastatu ahal izan zuten bisita hasi aurretik baserriraino gerturatu zirenek. Herrian irailean egiten duten sagardo-txapelketan bi aldiz irabazia dute txapela, «behin aitak eta hurrengo urtean nik».

Duela hamar urte ingurura arte behiak eta txahalak zituzten, baina egun ardiak dauzkate etxe ondoko ikuiluan, larreak garbitzeko erabiltzen dituztenak. Orain, etxe azpiko ikuilua guztiz berritua dute sagardorako prentsa eta kupelekin.

Bisitariek ogia ere egin zuten. Bisita hasi aurretik bakoitzak ore zati bati forma eman zion eta amaieran, egurrezko labetik norberak egindako ogia ateratzen ikusi zuten. Amaieran, Urkomek emandako bertako produktuen saskia zozkatu zen eta Itsaslurra poltsak banatu zituzten. Ogien ondoren bi oilasko erre zituzten labean, eta Labaka sendiak eta bisitariek mahaiaren inguruan amaitu zuten bisita, oilaskoak dastatuz.

Haurrak oilategian

Bidanian, haurrek ederki pasa zuten oiloak gertutik ikusten eta, izututa azkar aldentzen baziren ere, Jose Ramon Urdapilletak hartutako hegaztia ikutu ahal izan zuten, non bizi diren eta zer jaten duten ikasiz. «Prozesu osoa eskuz egiten dugu, denei banaka begiratuz zerbait behar duten. Oso garrantzitsua da adibidez ura ematea», azaldu zuen Mila Iparragirrek, Jose Ramonen emazteak. Hamasei urte daramate Zelaondo baserriaren zelaietan oiloak hazten.

Baserria inguratzen duten zelaietan milaka oilo dituzte. «Txitak ekartzen ditugu eta oilanda izan arte hazten ditugu, ez dute arrautzarik jartzen», zioen. Gehienak zelaian bazeuden ere, oilategi barruko itzalean ere bazeuden oiloak bisitariak iritsi zirenean. «Metro karratuko hamar oilo daude oilategi barruan, eta kanpoan, berriz, oilo bakoitzak bi metro karratu ditu», adierazi zuen Jose Ramon Urdapiletak. Egunez kanpoan egoten badira ere, gauean denak oilategietara sartzen dituzte. «Txitak direnean, hala ere, kontu izan behar da hegazti handiagoek eraso ditzaketelako».

«Lumagorri oiloen ezaugarria da hankekin saltzen dela, normalean hankak moztuta daude saltokietan», azpimarratu zuen Iparragirrek. Hori lortzeko, «oilategian azpiak garbi egon behar dira, bestela zirinarekin hankak erre egiten zaizkie».

Temas

Errezil

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos