Amezketak herriko zaindariaren eguna ospatu zuen atzo
Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harri-jasotzaileak eta Nerea Arruti eta Amaiur Arbelaitz aizkolariek lan ezberdinak osatu zituzten plazan
YARZA
Amezketa.
Jueves, 25 de agosto 2022
Eguraldi onak lagunduta eta giro ezin hobean ospatu zuten amezketarrek San Bartolome jaien hasiera. Areto-futbol txapelketaren ondoren, kalejira egin zuten herritarrek txistulari eta buruhandiekin. Gaztetxoek ederki pasa zuten buruhandiekin jolasean. Jarraian, udaletxeko balkoitik Elbia jaitsi zen herriko haurrek Agurra dantzatzen zuten bitartean.
Publicidad
Egunari amaiera emateko, jai batzordeak plazan jarri zituen mahaiak bete egin ziren herri-afarirako. Ondoren, trikitilarien erromeriarekin nahi adina dantzatu zuten herritarrek.
Atzo goizean herriko zaindariaren omenezko meza eskaini zen elizan. Ondoren, herri-kirol erakustaldia izan zen plazan. Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harri-jasotzaileak eta Nerea Arruti eta Amaiur Arbelaitz aizkolariek lan ezberdinak osatu zituzten plazan. Bukaeran, elkarren arteko korrika lehia ere egon zen, erakustaldiari amaiera emateko.
Gaur, haurren eguna
Gaur haurren eguna izango da Amezketako sanbartolomeetan. Egun guztian haurrentzako puzgarriak eta jolasak egongo dira, goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 15:00etatik 17:00etara. Gainera, 13:00etan txakolin-dastaketa hasiko da Larrunarri pilotalekuan. Aurreko urteetan bezala, udalak parrilla piztuko du eta bertan bazkaldu nahi duenak janaria etxetik eraman dezake. Arratsaldeko 17:15ean haurrentzako merienda banatuko da, eta 18:00etan Niala magoak emanaldia eskainiko du. Gaueko 23:00etan, Bada Giro taldearen erromeriarekin emango zaio amaiera egunari.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión