Udaberri koloreak Seguran
Lore eta landareen azokaren 17. ekitaldiak jende ugari elkartu zuen atzo
ANDONI ETXEBERRIA
Domingo, 26 de marzo 2017, 20:58
Lore eta Landareen Udaberriko Azokaren 17. ekitaldiak jende ugari elkartu zuen atzo Seguran. Goizean eguraldi hotza eta euria bazen ere, azoka irekitzearekin batera eguzkia atera zen eta giro bikaina nagusitu zen azokak iraun zuen orduetan. Udaberrian sartzearekin batera iritsi da aurten ere Segurako landareen jaia eta lore aukera zabala zegoen bertan zeuden landareen postu ezberdinetan; jasminak, arrosak, krabelinak, geranioak, magnoliak, orkideak, kameliak, tomateak, bonsaiak, kaktusak, kiwiak, gereziondoak, intxaurrondoak landare, hazi edo barazki-landareekin lorategi eta baratzeak hornitzeko, edo etxe eta balkoiak lorez apain-tzeko, aukera eta eskaintza paregabea egon zen beste urte batez salmenta eta erakusketa azokan.
Guztira 17 izan ziren lore eta landareen postuak azokan eta horien artean zegoen Segurako Aldata Goena baserriko Joxe Mari Setien. Urtero bezala, etengabe aritu zen Joxe Mari landareak saltzen eta lore-zaleek zituzten zalantzak argitzen. Joxe Marik adierazi zigunez, «goizean postuak prestatzen ari ginela euri zaparrada handia bota digu eta larri ibili gera, baina gero eguzki atera da eta ederki doa azoka. Erosleak ere ugari ari dira gerturatzen. Denetik saltzen dut, baina azken urteetan bezala, gaur ere tomate txertatua ari naiz saltzen gehien».
Josu Osaren erakustokia ere berezia izaten da urtero eta atzo ere jende asko inguratu zitzaion fruta-arbolatan txertoak nola egin ikustera. Artisauen postuak ere ohizkoak dira azokan eta atzokoan 6 izan ziren. Euskal herriko produktuen ekoizleak ere beste 17 izan ziren. Plazako karpan, Errebote plazan, arboladian eta frontoi zaharrean kokatu ziren azokako postu ezberdinak azoka garaian, 10.00etatik 15.00etara.