Ataunen bizirik dago mitologia
Aralarko Parketxean Jentilen eta Olentzeroren ibilaldi mitologikoa antolatu zuten pasa den igandean
DV
Miércoles, 21 de diciembre 2016, 00:35
Pasa den igandean, Jentilen eta Olentzeroren ibilaldi mitologikoa izan zen Aralarko Parketxean. 500 pertsonatik gora elkartu ziren bertan, Lizarrustiko baso berezitik ibilaldi eder bat egin asmoz. Eskuak hotzez, baina arnasa bero.
«Hantxe abiatu ginen maldan gora, goizeko 10:00ak aldera, eta hara non, jentil bat ikusi genuen mailoan gora igota, laino artean adarra joz. Aurrerago, Martin Beltzekin egin genuen topo. Akerbeltz, sorginak, Torto, Sanmartin Txiki, Marimunduko, Pagomari, Jentilak eta nola ez... Olentzero eta Mari Domingi ere ikusi genituen. A ze zorte gurea. Haiekin kontu batzuk egin ondoren, gaztainak banatu zituzten, gutunen truk. Elkarrekin abestu genuen guztiok eta hantxe utzi genituen, opariak ekarriko dituen astoarekin batera, gaztainak erre eta ikatza eginez», diote ibilaldiaren antolatzaileek.
Barandiaran gogoan
Han izandakoak diotenez ederra izan zen ibilaldia, paregabea, «hemen jarritakoez gain beste hamaika sorpresaz betea. Gaur Jose Migel Barandiaran hil zela 25 urte beteko dira, eta hari zor dizkiogu igandean ikusitakoak. Hark bildu zituen basoan bertatik-bertara gozatutako kondaira eta leiendak eta guk, bizia eman besterik ez diegu egin kondairoi. Ataunen bizirik dago mitologia, inoiz baino biziago». «Aralarko Parketxetik, Barandiaran Museotik eta Lizarrustitik, miloi bat esker eman nahi dizkiegu igandean Lizarrustira gerturatu ziren familia guztiei, izandako jarreragatik eta sortutako giro goxoagatik. Sinesten dugun artean biziko dira sorginak, lamiak, torto, basajaunak, jentilak eta Marimunduko. Segi dezagun beraz ametsetan!», amaitu zuten esaten.