'Bertso txiki, saio handi' bertso desafio berezia jokatuko da apirilean zehar Zerainen
Belaunaldi ezberdinetako bertsolariz osatutako bikoteak neurri txikian kantari arituko dira. Hiru egunetan izango dira bertso saioak eta Goierri aldeko lau bikotek parte hartuko dute
ION MUÑOA
Viernes, 1 de abril 2016, 00:14
Belaunaldi ezberdinak elkarrekin kantari, neurri txikiko bertsoak, entzuleak epaile eta herriko produktuak. Horiek izango dira aurten lehen aldiz egingo den 'Bertso txiki, saio handi' bertso desafioaren osagarriak. Zerainlab-ek antolatuta, Lumagorrik babestuta eta herriko sagardotegi, gaztagile, taberna eta negozioek lagunduta, bertsolaritzaren transmisio eredugarriari balioa emanez eta Zerainlab-en printzipioekin uztartuz, jaio da bertso ekitaldi hau. Antolatzaileen esanetan "bertso munduak belaunaldien arteko transmisioan egin duen lana eredugarria da, eta herri txikien etorkizunerako ere beharrezkoa da komunitateko adin ezberdinetako jendeak harremana izatea elkarrekin. Hori azaleratu eta balioan jarri nahi dugu bertso desafio honekin". Horrekin batera, "plaza gutxien dituzten bertsolari gazteei aukerak eman eta hain gazte ez direnak entzuteko aukera ere jarri nahi da». Eta hori guztia, «herrian jarduera ekonomikoa dutenak bultzatzen saiatuz eta bertako produktuari balioa emanez"».
Publicidad
Hiru egun, zortzi bertsolari
'Bertso txiki, saio handi' bertso desafioa hiru egunetan jokatuko da. Lehen finalerdia apirilaren 8an, ostirala, jokatuko da iluntze eta gauean. Bigarrena apirilaren 15ean, ostiralez baita ere. Eta finala eta azken saioa, apirilaren 30ean, bazkalorduan egingo da. Saio bakoitzean lau bertsolari arituko dira bikoteka, eta lehen bi saioetan entzuleek puntu gehien ematen dieten bi bikoteak pasako dira finalera. Saio bakoitzak hiru kantaldi izango ditu, gaiak jarrita eta neurri txikiko (koplak, puntuak, zortziko txikia...) ariketak eginez: lehenengoa Ostatu tabernan, bigarrena Mandio tabernan eta hirugarrena eta azkena sagardotegian otorduarekin batera. Bertsoaldi bakoitza momentu horretan dauden entzuleek epaituko dute eta egun horretako hiru bertsoaldien ondoren puntu gehien lortu duen bikotea izango da egun horretako irabazlea. Otordua sagardotegi batean edo bestean izango da eta afaltzeko aurrez lekua hartu beharko da sagardotegira bertara deituta. Menua sagardotegikoa izango da, baina txuletaren ordez Lumagorri oilaskoa egongo da eta postrean herriko gazta. Kafea ere barnean dela, otorduak 25 euro balioko du.
Apirilaren 8an lehen saioa
Apirilaren 8an, ostirala, hasiko da aurtengo desafioa lehen saioarekin. Kantuan arituko diren bi bikoteak honakoak: Jabier Zeberio Itsasondoko bertsolari beteranoa eta Aratz Igartzabal Gabiriko gaztea alde batetik; eta Iñaki Murua Gabiriko bertsolari zaildua eta Maialen Akizu gazte urretxuarra bestetik. Lehen kantaldia Ostatu tabernan egingo dute iluntzeko 7etan. Handik Mandio tabernara igoko dira bigarren kantaldia egitera iluntzeko 8etarako. Eta amaitzeko 9etan Oiharte sagardotegian izango da afaria (antolatzaileen esanetan, lekua lehenbailehen gordetzea komeni da bertara deituta).
Bigarren saioa handik astebetera, hilaren 15ean, egingo da aurrekoaren formatu berarekin. Kantuan arituko diren bi bikoteak honakoak: Gemma Urteaga gazte beasaindarra eta Albizturgo Millan Telleria beteranoa batetik, eta Mikel Mendizabal Itsasondoko bertsolari beteranoa eta Eneko Araiztegi gazte segurarra bestetik. Lehen bertsoaldia 7etan izango da Ostatun, bigarrena 8etan Mandion eta afaria Otatza sagardotegian. Hemen ere menu berbera izango da eta bertara deituta lekua gordetzea komeni da. Aurtengo 'Bertso txiki, saio handi' bertso desafioko hirugarren eta azken saioa, apirilaren 30ean izango da. Aurreko bi finalerdietan puntu gehien lortutako bi bikoteak arituko dira kantari apirilaren azken egunean, eguerdian. Hitzordua egina dago, eta Zerainlab-eko antolatzaileek «zeraindar guztiak eta goierritarrak eta inguruko herrietakoak animatzen» dituzte bertso desafio berezi honetan parte hartzera, «bertsoekin gozatuz eta Zeraingo produktu onenak giro ederrean dastatuz».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión