Las diez noticias clave de la jornada
Flamenko talde bat, desagertzeko zorian dagoen urmael idor batean, Sevillako La Puebla del Río herrian, Doñanatik ez oso urrun. Horrelaxe daude gauzak, EFE/ José Manuel Vidal
Zazpigarren olatuan

Zapaldu hondoraino

Ikusitakoa ikusita, ez dakit nik zer nolako harrera egingo diegun iragarri dituzten energia aurrezteko neurriek ekarriko dizkiguten murrizketei

Jueves, 4 de agosto 2022, 18:36

Mundu honetan urte dezente eramatean berekin dakar epemuga ugari gainditu izana. Asko pozgarri eta lasaigarriak izan dira. Xelebreak ere tokatu zaizkigu. Munduaren akaberak, esate baterako. Google-en begiratu gabe gogora datozkik 1987an Halley kometak Lurra hauts bilakatuko zuenekoa, '2000 efektuak' munduaren OFF botoia sakatuko zuenekoa edo maien zibilizazioak ziurtzat ematen omen zuen 2012ko apokalipsia.

Publicidad

Iragan mendeko 70eko hamarkadatik hona izan diren energiaren krisien eta mota ia guztietako hondoratze ekonomikoen zerrenda ez da motza. Ezta klimaren inguruko lehen goi-bilera egin zenetik igaro diren 30 urteetan pilatu diren frustrazio eta epemuga iraungiena ere.

Hori guztia kontuan hartuta, nahiko ondo ekipatuta egon beharko ginateke tokatzen ari zaigun oztopo-lasterketa honetan estropezu egin gabe aurrera egiteko, «honako hau ere ez da izango behin betikoa, azkena» esanez. Ez da ba nire kasua. Horrenbeste urtez landutako inmunitate hartua azken biotan pilatzen joan garen zamak neutralizatuko zuen akaso, nork daki... Kontua da maximoetan daukadala urgentzia-sentsazioa, tenperaturaren eta erregaien prezioen pare.

Erraz asko asaldatzen gaituzte murrizketa jakin batzuek, beste hainbaten aurrean axolagabe ageri garen arren

Eta 'biharamunik ez balego bezala' esaldia ez balitz mehatxua, iragarpen errealista baizik?

Sentsazio hori, sumindurarekin nahastuta, une jakin batzuetan iristen da eskalaren goiko aldeko azken marratxoetara. Autoa hartzen dudan okasio urrietan, nagusiki. Izan ere, azeleragailuaren pedala hondoraino zapaltzeak kontsumoan duen eraginaren jakitun, autobidean abiadura-mugatzailea erabiltzen hasi naizenetik (horren falta ez da aitzakia, auto guztiek ematen dute unean uneko abiaduraren berri), eskuineko erreitik ezin irtenda nabil, nahiz eta abiadura oso zentzuzkoan finkatu dudan muga. Nire moduko beste batzuk ere badoaz errei horretatik, noski, kamioi eta ezinean doazen ibilgailuekin batera, baina esango nuke gehiago direla bideko segurtasunak eta erregaien kontsumo arduratsuak gomendatzen duten abiadura beldur eta damu handirik gabe gainditzen dutenak. Libre dira horretarako eta gehiagorako, jakina. Nor naiz ba ni inori ezer aurpegiratzeko? Abiadura kontuetan, radarrek eta tokian tokiko segurtasun indarrek dute soilik eskumen hori.

Edonola ere, errepidekoa beste eremu batzuetan ere bistakoa den joeraren adibide gisa erabilita, ez dakit nik zer nolako harrera egingo diegun Pedro Sánchezen gobernuak diseinatu eta, Tapia sailburuaren matxinadatxo prebentiboa gaindituta, Jaurlaritzak bere egingo duen energia aurrezteko planak ekarriko dizkigun murrizketei. Ez naiz baikorra. Segituan asaldatzen gaituzte murrizketa jakin batzuek, nahiz eta axolagabe ageri garen hainbatek ezinbestean pairatzen dituzten larriagoen aurrean, ezagutu dugun mundua pikutara joateko zorian dugun honetan pedala hondoraino zapaltzeak lasaituko bagintu bezala.

Publicidad

Honela azaldu du berriki fenomenoa Natàlia Cantó soziologo eta irakasleak: «Pare bat urtez, pandemiak behartuta, oso mugatuta egon ginen. Tarte horretan diskurtso asko sortu ziren, irudizkoak eta idealak, galdetzen zutenak ea posible ote zen beste era batera bizitzea. Hala ere, murrizketen amaierarekin bueltatu gara gaur egungo subjektu neoliberalaren izaerara, zeina datzan gauzak egiteko eta pilatzeko gaitasuna etengabe handitzean».

Cantóren ustez, fase horretan murgilduta gaude, 'biharamunik ez balego bezala' bizitzen, Eta horren modan dagoen esaldia ez balitz txantxetako mehatxua, iragarpen errealista baizik, biharamuna uste genuena baino deserosoagoa izango dela gogorarazten digun abisua?

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad