UEMAk helegitea jarrio dio Osakidetzako logopeden lan deialdiari
Komunikatzeko hizkuntzak logopeden kasuan «garrantzi nabarmena« duela oroitu du mankomunitateak eta horregatik logopeda lanpostu guztietan euskara betekizun izan dadila eskatu du
J. Agirre
Ostirala, 21 urtarrila 2022, 12:34
Osakidetzak logopedian diplomatuei zabaldutako lan deialdiaren aurkako gorako errekurtsoa aurkeztu du UEMAk, logopeda lanpostuen hautaketa proben oinarrietan euskara ez delako ezarri betekizun bezala. Ohar bidez logopeden kasua gertatzea eskubide urraketa «bereziki larria» dela salatu du mankomunitateak.
Testuan azaltzen duenez, komunikatzeko hizkuntzak logopeden kasuan «garrantzi nabarmena du, hitzarekin eta ahoskerarekin lotura zuzena duelako osasun adar honek. Komunikatzeko ez ezik, pazienteak aztertzeko, diagnostikatzeko eta tratatzeko tresna da hizkuntza». Horregatik, UEMAko lehendakaria den Iraitz Lazkanok lehen eta bigarren hizkuntza eskakizunak merezimendu bezala puntuatuko direla nabarmendu du, «baina inongo derrigortasunik gabe. Gainera, hirugarren eta laugarren hizkuntza eskakizunek ez dute puntuazio gehigarria izango; alegia, gehienezko puntuazioa bigarren hizkuntza eskakizunarena izango da«.
Osakidetzak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko betebeharra duenez, UEMArentzat «bereziki larria» da eskubide urraketa logopeden kasuan gertatzea. Ildo horretan, Lazkanok zehaztu duenez «bederatzi logopeda lanpostu daude Osakidetzako lanpostu zerrendan, eta horietatik lau lanpostutan soilik dago hizkuntza eskakizuna ezarrita eta egiaztatuta».
Horregatik guztiagatik, gaiaren «larritasuna» ikusita, eta helburua beti ere osasun zerbitzuaren kalitatea eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea izanda, logopeda lanpostu guztietan euskara betekizun izan dadila eskatu du UEMAk errekurtsoan. Bitartean, berriz, herritar elebidunei zerbitzua Osakidetzako profesional elebidunek eman diezaiotela bermatzea ere eskatu du.
Noticia Relacionada
Behatokiak helegitea jarri dio Osakidetzako logopeden lan-deialdiari
Ez da Osakidetzak kaleratutako lan deialdia gogorki kritikatu duen eragile bakarra izan UEMA. Duela egun gutxi Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskara merezimendu gisa soilik puntuatzeak «pazienteen behar bezalako zerbitzua eskaintzeko neurri desegokia» dela argudiatuta.