'Txonbo!', 46. Ibilaldiko abestia
Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko du eta kantua egiteko prozesuan hainbat eragilek hartu dute parte
DV
Astelehena, 4 martxoa 2024, 12:28
Maiatzaren 26an izango da Ibilaldiaren, Bizkaiko ikastolen festaren, 46. edizioa. Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko du eta poliki-poliki hasi da xehetasunak aurreratzen, besteak beste 2024ko edizioari doinua jarriko dion abestia: zortzi eskutara idatzi den 'Txonbo!'.
Ikastolako arlo guztietako pertsonen parte-hartzearekin prestatutako abestia da eta letra ikastolaren parte diren lau bertsolari ezagunek sortu dute. Alex, ikastolako gurasoa, arduratu da musika konposatzeaz; ahots nagusia ikastolako ama den Eiderrek jarri du eta senide, ikasle eta ikasle-ohiek osatutako talde batek borobildu du kantua, Liher Taldeko Lide Hernandorekin batera.
Antolatzaileen esanetan, prozesu horren emaitza abesti «polit» eta «itsaskorra» da, ikastolaren balioak bikain transmititzen dituena: «Euskalduna, kooperatiba, gertukoa eta munduari begira».
Azaldu dutenez, bideokliparen grabazioa «abestia bera bezain esperientzia zirraragarria eta hunkigarria izan da». Horrela, adierazi dute filmaketa hiru egunez egin zen, ikastolan eta Algortan zehar.
«Ikaragarria izan zen hainbeste jende ikustea, ikastola barruko adin eta rol guztietakoak, gure espiritu komunitarioa ospatzeko elkartzen», nabarmendu dute.«Ikasleak, irakasleak, langileak, familiak, ikasle ohiak, herriko taldeak...elkartu ziren kameren aurrean, dantzan, kantuan eta irribarrez» gehitu dute.