Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak, asteazkenean
Izaro Arrutik eta Sandra Prietok jasoko dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako saria
DV
Asteartea, 14 abendua 2021, 12:59
Izaro Arrutik eta Sandra Prietok asteazken honetan, abenduak 15, jasoko dute 2021eko Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sari nagusia elkarlanean egin duten hezkuntza soziolinguistikorako baliabideen azterketarekin. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko gazteen profil soziolinguistikoan identifika daitezkeen bi ahulgunetatik abiatzen da lan irabazlea: ezagutza eta erabileraren artean dagoen desoreka eta aurreiritzietan eragiteko beharra.
Lan irabazlearen izenburua 'Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena' da eta biek Jose Luis Zumetaren litografia eta 2.000 euro jasoko dituzte Gasteizen, EHUren Arabako campusean dagoen Lascaray ikergunean, 12:00etatik aurrera.
Soziolinguistikari eta hizkuntza ekologiari buruzko hausnarketak egiteak eta ezagutza zientifiko hori ikasleei transmititzeak positiboki eragin dezakeela defendatzen dute egileek. Era berean, maila ezberdinean, EAEko, Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko curriculumek ere lanketa hori egitea beharrezkoa dela ezartzen dute.
Soziolinguistika eta hizkuntza ekologia
Gauzak horrela, ikerketa lanaren helburu nagusiak dira Euskal Herrian soziolinguistika eta hizkuntza ekologia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan lantzeko dauden materialak eta baliabideak biltzea, horiek aztertzea eta sailkatzea, hezkuntza komunitateko askotariko eragileek gaion lanketaren errealitateaz dituzten pertzepzio eta iritziak ezagutzea, eta osatutako sailkapena hezkuntza komunitatearen eskura ipintzea.
Bigarren saria (1.300 euro) jasoko duen lana 'Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara' da, Nik ikerketa taldearena, eta hirugarrena (1.000 euro), Iñigo Beitiaren 'Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk' lanarentzat izango da.