Borrar
Eider Mendoza foru bozeramailea
Taldeetan arreta jarrita, Foru Aldundia hasi da Euskaraldirako prestatzen

Taldeetan arreta jarrita, Foru Aldundia hasi da Euskaraldirako prestatzen

Hasteko, departamentuz departamentu talde eragileak sortuko dituzte ariketa antolatzeko. Ondoren, kanpo eta barne ariguneak identifikatuko dira, eta langileen adostasuna lortu ostean, taldeak aktibatzeko neurriak hartuko dira

DV

Donostia

Martes, 25 de febrero 2020, 14:57

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

«Euskaraldiaren lehen edizioan norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara zabalduko da ekimena bigarren edizio honetan», iragarri du Eider Mendoza foru bozeramaileak Diputatuen Kontseiluan. Horrela, entitate eta erakundeei talde horiek babesteko eta sustatzeko konpromisoa eskatu die, ariketa amaitzean hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako urratsak egonkortzeko gonbita ere luzatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundia astearte honetan, hilak 25, hasi da ofizialki Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen, Markel Olano diputatu nagusiak berak Diputatuen Kontseiluan aurkeztu duen agiri baten bitartez. Dokumentu honetan, foru Gobernuko kideei eskatzen zaie talde eragileak antolatzen hasteko departamentu ezberdinetan, ondoren ariguneak identifikatu eta aktibatu ahal izateko.

Mendozak esan duenez, Euskaraldiaren «helburuak eta filosofia bat datoz Gipuzkoako Foru Aldundiak aldezten duen estrategiarekin» eta, ondorioz, «gure erakundeak Euskaraldian modu aktiboan hartuko du parte, Gipuzkoan erakunde erreferentea izateko erantzukizuna baitaukagu».

Gaineratu du «Euskaraldiaren antolamenduak inplikazio zuzen eta argia eskatzen digula Foru Aldundiko kide guztioi, bereziki ardura politiko bat dugunoi, eta horrela egingo dugu», azaldu du Mendozak. Gehitu duenez, ekimen honek «indar eta ilusio kolektibo berria» piztu zuen duela bi urte euskararen biziberritzearen esparruan: «Tresna berritzaile bat da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko, gure lurraldearen hizkuntza egoeran berdintasun orekatuago bat lantzeko», adierazi du. Laster, diputatu nagusiak berak emango du izena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, 2020ko Euskaraldian ofizialki parte hartzeko.

Ariguneen Euskaraldia

«2020an Euskaraldiak, iaz egin moduan, belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan egin dezaten ariketa. Baina horretaz gain, entitateek euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte: ariguneak», gogoratu du foru bozeramaileak.

Arigune hauek, sakondu duenez, euskaraz lasai aritzeko guneak dira, hau osatzen dute pertsona guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. «Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu», gaineratu du Mendozak.

Honenbestez, Aldundiak hasi duen bidea honakoa izango da: hasteko, departamentuz departamentu talde eragileak sortuko ditu, Euskaraldia antolatzeko. Ondoren, kanpo eta barne ariguneak identifikatuko dira, eta langileen adostasuna lortu ostean, talde hauek aktibatzeko neurriak hartuko dira. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra, berriz, Euskaraldiaren ariketa egingo da eta, amaitu ostean, balorazioa jaso eta hizkuntza ohitura berri hauek egonkortzeko mekanismoak aztertuko dira.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios