Simetria, zazpi hilabetetik aurrera
UPV/EHUko ikertalde batek mosaiko-itxurako eredu bisual abstraktuen simetriaz jabetzeko gaitasuna ondorioztatu du
DV
Lunes, 29 de agosto 2022, 15:14
Zazpi hilabeteko haurrek egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaiko-itxurako sekuentzien aurrean dituzten berezko begirada-ereduak aztertu ditu UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldeak lankidetzan egindako ikerketa batean eta, aurkeztu berri dituen emaitzen arabera, « berehala detektatzen dute mosaiko batek egitura simetrikoa duen». Hala, konplexuen egitura erauzteko gaitasun sendoa eta automatikoa dutela iritzi du ikertaldeak.
Publicidad
Mosaiko horiek bi kategoriatako baldosa karratuz osatuta zeuden (A eta B), zeinak kolore-paletan eta barne-forman bereizten baitziren. Baldosak egitura simetrikoko (adib., ABA, ABABA) edo asimetrikoko (adib., AAB, AABBA) mosaikoak eratuz ordenatzen ziren. Ikerketan egiaztatu dutenez, haurtxoek «egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaikoak bereizi zituzten, eta sekuentziaren luzerak (3 edo 5 baldosa) edo simetria-mailak ez zuten nabarmen modulatzen haien portaera».
Emaitza horiek iradokitzen dute umetxoek azkar hautematen dutela egitura-simetria eredu bisual konplexuetan: «7 hilabeteko haurtxoek gaitasun sendo eta automatikoa dute egitura bat simetrikoa dela detektatzeko. Gaitasun hori bat dator beste estimulu batzuekin (hala nola zeinu-hizkuntzarekin, hizketarekin...) egindako beste ikerketa batzuetan aurkitutakoarekin; frogatu dugu haurrak oso onak direla egiturak eta erregulartasunak hautematen», adierazi du UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko ikertzaileak.
Gogo Elebiduna ikerketa-taldea
UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldea aitzindaria da psikolinguistikaren esparruan; askotariko ikerketak egiten ditu hiztunen garunean hizkuntzaren gaitasuna nola eskuratzen, adierazten eta antolatzen den jakiteko, eta hizkuntzaren adierazpenaren eta prozesamenduaren ezaugarri unibertsalak zein diren jakiteko.
Ikerketa-taldeko Ikerbasque ikertzaile Irene de la Cruz-Pavíak PLOS ONE aldizkarian berriki argitaratutako ikerketa bat egin du, Judit Gervain Paduako Unibertsitateko ikertzailearekin lankidetzan, non aztertu baitute 7 hilabeteko haurrek zer gaitasun duten mosaiko-itxurako eredu bisual abstraktuetan egitura-simetria hautemateko. Ikerketa hau Parisko Unibertsitatean egin zuten. «Egitura simetriko eta asimetrikoak dituzten mosaiko-itxurako sekuentziei begiratuz ehun bat haurtxok dituzten berezko begirada-ereduak aztertu ditugu», azaldu dute ikertzaileek.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión