Biharamuneko paisaia
Hirugarren olatuan ·
Denda txiki asko intsektuak bezala ari dira desagertzen, isil-isilik eta oharkabean, arrastorik utzi gabe, amore emandaManta elektriko bat erosteko asmoarekin irten nintzen etxetik. Pandemiaren alderdi den-denak aztertzen dituzten ikerlanak egiten eta argitaratzen ari direnez (dena esatea komeni denez, gaiak agortzen ari zaizkigun kazetari alferron pozerako) norbaitek erreparatuko dio urtebetez etxeko aulki eta mahaietan lanean aritu izanak telelangileon zerbikaletan duen eraginari. Nik fede handia izan diot beti manta elektrikoari, baina eskura neukanaren kable zartatuetatik hari gorrixka susmagarriak irteten zirenez, berria erostea erabaki nuen. Auzotik irten gabe.
Behin atso-erosketetan murgilduta, etxeko zapatilak erostea okurritu zitzaidan. Alpargatak urratuta eta zapatarik gabe Erniyon oineko minez gelditu zen hura bezala nengoen, bertsio domestikoan. Ez dudanez oso ondo ezagutzen orain nagoen tokia, plazako banku batean eserita zegoen emakume bati galdetu nion ea ba ote zegoen inguruan etxeko zapatilak erosteko moduko zapata-dendarik.
Ezetz esan zidan, garai batean hiru zapata-denda zeudela, eder askoak, baina denak itxi dituztela azken hiruzpalau urteetan, eta faena handia dela herriko adineko jendearentzat, etxerako eta plazarako oinetakoak zapata dotoreak baino gehiago urratzen dituzten horientzat.
Makilaren puntarekin markatu zidan garai batean bailara osoan izen handia zeukan arropa denda bat, itxita; baita arropa saltzeaz gain mertzeria ere baden beste bat ere, likidazioan.
Komertzio txikiaren gainbehera ez da gauza berria, herri txikien basamortutze komertziala ere ez, baina iruditzen zait –Eustat-ek ekarriko ditu datuak tokatzen zaionean– izugarri ari dela bizkortzen azken hilabeteetan. Orain arte, nostalgia puntu batekin agurtu izan ditut ezabatzen joan diren dendak. Adibide bat jartzeko, duela urtebete eta piko, ixtear zela, Donostiako Semillas Elóseguin erositako 'verdina' baba batzuk Prousti madalenak eragin zion efektu berbera eragin zidaten ez dela asko. Gero eta urrunagoa dirudien iragan batera eraman ninduten, bidaia gazi-gozoan.
Etxean zeramaten denbora zela eta beratze-denbora bikoiztu ondoren, manta elektrikoa erosi nuen eta datorren astean xurgagailua (hots aspiradora) erosiko dudan dendan erositako presio-ontzian –etxetik gertu dauden dendetan erostea da une honetan praktikatzen dudan militantzia nagusia– kozinatu nituen, eta gogortasun puntu batekin batera tristura zaporea igarri nien.
Azken aste hauetan, baina, itxi berria edo ixtear den denda txiki bat ikusten dudan bakoitzean beldurra ari zaio nagusitzen nostalgiari, irudikatzen ditudalako, modu nahiko dramatiko eta apokaliptikoan irudikatu ere, denda txikirik eta horien inguruko bizitzarik gabeko kaleak, egunez antzuak eta gauez ilunak.
Denda txiki asko intsektuak bezala ari dira desagertzen, isil-isilik eta oharkabean; ez dinosauroen modura, handiki, meteorito eta guzti. Irakurri dut intsektuen desagertze-tasa ugaztunena, hegaztiena eta narrastiena baino zortzi bider azkarragoa dela, baina ez gaitu gehiegi kezkatzen.
Mozorro ñimiñoak balira bezala ari dira hortaz desagertzen denda txiki asko, eta askotan guk geuk zapaltzen ditugu, maleziarik gabe agian; merkatalgune handi baterako bidean goazela, nork daki. Txindurriei asko gertatzen zaie hori, baina ugaltzeko gaitasun handia dutenez, itxura denez moldatzen dira nola edo hala masa kritikoari eusteko.
Tamalez, ez da hori denden kasua. Jabeen eta langileen edo bezero nostalgikoren batzuen oroitzapenetan ez bada, arrastorik utzi gabe ezkutatzen dira bistatik, asteak joan, asteak etorri. Eta askok, zaharrenek batik bat, badute zer eskaini ondare kolektiboari. Madrilen bada, bazen, Paco Graco izeneko proiektu bat. Naufragio komertzialen hondarrak jasotzea du helburu, memoria grafikoa aberaste aldera; kartelak, errotuluak eta horrelakoak. Hori sikiera. Agian gure artean ere egongo da antzeko ekimenen bat, zorionak sustatzaileei. Ez ditu beteko kaleetan gelditzen ari diren zuloak, baina bada zerbait.
Egia esatera, tarteka betetzen da zulo horietakoren bat, argitzen dira berriro eskaparateak, kanpotik etorritako bizilagunen eskutik gehienetan. Fenomeno hori ere oso interesgarria da, eta pandemikoa. Hurrengo baterako aproposa.