Osasun zerbitzu publikoan hamarretik hiru lanpostutan ez da euskara bermatzen
Euskadiko zein Nafarroako biztanleen hizkuntz-eskubideak aztertu ditu UEMAk ikerketa batean
UEMAko biztanleen hizkuntz eskubideak errespetatzen eta bermatzen diren jakiteko bi urtean behin azterketa sakona egiten du mankomunitateak eta azken honetan osasun zerbitzu publikoetako datuak «sakonki» behatu dituzte. Azterketaren emaitzak argiak dira: hamar osasun-langiletik hiruk ez daukate euskara-maila egiaztatuta. Mankomunitateak herritarren eskubideak bermatzeko «azken hamarkadotan pauso handiak» eman direla onartzen du, baina aldi berean «oraindik urratzen direla salatu».
Datuok lurraldera banatuta, Osakidetzan lan egiten duten profesionalen %19k ez dute ziurtagiririk, eta Osasunbidean, Nafarroako osasun publikoan, kopurua %75era igotzen da. Are gehiago, ospitaleetan, langileen bi herenek ez daukate euskara-gaitasuna egiaztatuta –Osakidetzan % 57k eta Osasunbidean % 99k–.
Datu esanguratsua da UEMArentzat, lanpostu gehienetan (%89) bete-beharrezko baldintzatzat baitute, %99an Osakidetzaren kasuan. Aldiz, hauek ez dira behar adina egiaztatzen, UEMAko herrietan ia hiru langiletik bat ari baita jardunean euskara-maila egiaztatu gabe (%30). Kasu honetan ere, sistemaren arabera alde handia dago egiaztatzeari dagokionez: Osakidetzan, ez du egiaztatu bostetik batek (%19); Osasunbidean, lautik hiruk (%75).
Behaketa gauzatzerakoan hiru geruza izan ditu kontuan UEMAk: kide diren 101 udalerrietako 64 osasun-etxeak eta larrialdi zerbitzuak, hauei zerbitzua ematen dieten 25 osasun zentroak eta orotara dauden erreferentziazko 11 ospitaleak. Txostenak hiru kasuak ezberdinak direla azpimarratzen du eta askotan argazki orokorra eman behar izan dela datu falta dagoelako hainbat kasutan, batez ere Osasunbideak Nafarroako udalerriei buruz dituen datuetan.
Hiru geruza izan dira kontuan: kide diren 101 udalerrietako 64 osasun-etxeak eta larrialdi zerbitzuak, hauei zerbitzua ematen dieten 25 osasun zentroak eta orotara dauden erreferentziazko 11 ospitaleak
Lehen geruzan 64 zentro aztertu dira eta hauetan dauden 821 lanpostuak, horietako 669 Osakidetzan, eta UEMAk emandako datuen arabera %87k jarria dute euskaraz jakiteko derrigortasuna –Osakidetzari dagokionez, udalerrietako lanpostuen %99k dute derrigortasuna ezarrita–, baina mankomunitateak esan duenez zailtasunak izan ditu zenbatek betetzen duten jakiteko eta horrek. Arlo batetik bestera, gainera, badira aldeak; esaterako, erizain laguntzaileen postuetan gehienak egiaztatu gabe daudela ikusi dute, eta pediatretan, bostetik bik ez dute euskara-maila.
Gainerako geruzetan egoera okerragoa dela nabarmentzen du UEMAk bere txostenean. Bigarrenean, 25 dira osasun zentroak, «udalerri batzuetan ez baitute osasun etxerik, edo horietan ez dituzte oinarrizko zerbitzu denak ematen, eta beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute herritarrek», salatzen du testuak. Aztertu diren 376 lanpostuetan Osakidetzan lau langiletik batek dauka postuaren eskakizuna egiaztatu gabe (%27), eta Osasunbidean, ia bostetik lauk (%78).
Azken geruzan, lehen arretatik harago doazen zentroak aztertu dituena, 11 dira erreferentziazko ospitaleak. Hauetan ia langileen erdia dira euskaraz ez dakitenak (%49). Hori bai, tokiaren arabera errealitatea oso ezberdina da, Gipuzkoako ospitaleetan eta Gernikakoan langile gehienek baitute egiaztatuta eskakizuna, baina ez Arabako ospitalean eta Bizkaiko gainerakoetan.
Geruzez gain, espezialitatearen araberako desorekan ere jarri nahi izan du fokua UEMAk. «Bereziki aipatzekoa da pediatrian dagoen hutsunea: nahiz eta euskaraz jakiteko beharra ezarria daukaten postu gehienek, gaur egun horietako askotan daude euskaraz ez dakiten langileak».