On-giz elkarteak jasoko du Emakunde Saria
Gizonen sentsibilizazioan eta emakumeen ahalduntzean eta lidergoan egindako lana aitortu diote gaur
DV
Jueves, 12 de enero 2023, 12:25
'On-giz: ezberdinen elkartea'k jaso du ostegun honetan, urtarrilak 12, 2022ko Emakunde Saria hautagaitza «bat datorrelako gizonak interpelatzen dituzten hainbat lan-ildo eta erakunde arteko kanpainekin». Halaber, sari honen bidez, epaimahaiak berdintasunaren alde lan egiten duten beste erakunde eta kolektibo batzuen lana baloratu nahi izan du, gizonen beharrezko inplikaziorik gabe berdintasuna ezinezkoa dela ulertuta
Publicidad
On-giz irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta bi hamarkada baino gehiagoz maskulinitate berrien inguruan lan egin du, gizon-talde ugari sortuz. Tartean, lan-eremua zabaldu eta emakumeekin ere hasi da lanean hauen ahalduntzea eta lidergo pertsonala eta kolektiboa landuz. Eta egun talde mistoekin ere lan egiten du. Sariak 14.400 euroko zuzkidura gordina du.
Erabakia hartzerakoan epaimahaiak bi lan-ildoak hartu ditu aintzat eta «maskulinitate eta feminitate hegemonikoen ereduak birpentsatu eta deseraikitzeko eta genero-identitate alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko berriak eraikitzen laguntzeko» egindako lana azpimarratu du, baita gizartean egindakoa nabarmendu ere «berdintasunerako eta deseraikitze patriarkalerako sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta prestakuntzan, bai euskal lurraldean, bai estatuan eta nazioartean».
On-gizen aldetik, Ester Molinerok eta Xabier Odriozolak hitz egin dute. Azaldu dutenez, «sari hau gaur egun gure elkartean parte hartzen dugun 120 emakume eta 85 gizonentzako saria da, batez ere taldeen 20 dinamizatzaile boluntarioentzat, denen artean gure sexismoa eta gizartearen sexismoa desprogramatzeko apustu argi eta aktiboa egiten dugulako». Haien hitzetan, «hasieratik gure helburua sistema patriarkala eta sexismoa gainditzea izan da, eta pertsona guztientzat berdintasunezkoa izango den gizarte bat bilatzea».
Hasieran gizonekin bakarrik lan egiten bazuen ere -gizon talde bakarrarekin hasi zen-, gaur egun On-giz elkartean 9 gizon talde eta beste 10 emakume talde daude aktibo. Hauek hamabostean behin biltzen dira Gasteizen eta Arabako herri batzuetan.
Publicidad
Emakunde Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoen, publiko zein pribatuen, jarduna jendaurrean aitortzea.
Aurreko urteetan saritutako hautagaiak
2021: Genero ikuspegiaz egindako kazetaritza
2020: Askabide
2019: Concepción María Carranza
2018: UPV-EHU-ko Berdintasuneko masterra eta Deustuko emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko masterra
2017: Virginia Imaz
2016: Marta Macho, matematiketan doktorea eta «Mujeres con ciencia» blogaren arduraduna
2015: Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez baserriko emakumeen elkartea
2014: Maria de Maeztu Forum Feminista
2013: La Posada de los Abrazos
2012: Bilboko Asistentzia Psikosozialerako Moduluak
2011: Irungo Martzial Deunaren alardea eta Hondarribiko Jaizkibel Konpania
2010: Teresa del Valle
2009: «Lilaton Taldea» elkartea
2008: Bizkaiko Emakumeen Asanblada
2007: Bagabiltza
2006: Mari Jose Urruzola
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión