Borrar
Zerk eman digu kulturak beste, horren gutxiren truke?

Ni ez naiz hemengoa

Orrialde batzuk haragokoa naiz, eta handik dakart burutaziotxo bat, kulturak honetan guztian duen zeresanaren ingurukoa

Asteartea, 13 urria 2020, 12:08

Comenta

Disclaimer: izenburuak ez du zerikusirik Joseba Sarrionandiaren liburuarekin. Norbait bultzatzen badu Pamiela argitaletxeak 1985ean argitaratu zuen liburura hurbiltzera, bejondeiola, baina ez diezadala inork leporatu Sarrionandiaren izena alferrik erabiltzea.

Literalki, ez naiz hemengoa. Orrialde batzuk haragokoa naiz. Tren osoa korritu beharko duzue azkenaurreko bagoira iristeko: Gipuzkoako eskualdeetako berriak, iritzia, eskelak, politika, ekonomia, iragarkiak, kirolak... Urruti samar periodikoa hasieratik amaierara irakurtzen baduzu; gertu, atzekoz aurrera leitzen dutenetakoa bazara. Handik dakart burutaziotxo bat, kulturak honetan guztian duen zeresanaren ingurukoa.

Kulturgintza, salbuespenen batzuk kenduta, ez da sektore sendoa. Lehen ere ez zen. Zorionez, badaude arrakasta handiko ekimen gutxi batzuk, eta beste batzuei nolabaiteko sendotasuna –gutxieneko egonkortasuna, esango nuke–, ematen die guztion poltsatik, poltsa publikotik, iritsitako baliabideei esker ehundutako sareak.

Askorentzat, kulturaren adierazpen eta euskarri anitzak izan dira sostengurik sendoena. Aparteko balioa ematen ari natzaio azkenaldian kulturak tontoak neutralizatzeko daukan gaitasunari

Asko haserretzen ditu horrek baten bazuk, baina lerro gutxiegi dauzkat alferrik galtzeko. Uste dut probetxu handiagoz erabiliko ditudala sarea zulatu zaien eta alerta gorrian daudenen estutasunak gogoratzen, lanaren %80 galdu duten zuzeneko kulturari atxikitako jardueretako langileekin akordatzen.

Buelta ezinbestekoa iruditzen zitzaidan digresioaren aurreko harira: kulturgintza, ikuspegi ekonomikotik, ez da sektore sendoa, ez behintzat egia errebelatuaren iturritzat eta lehentasunak finkatzeko irizpide nagusitzat hartzen den Barne Produktu Gordinari egiten dion ekarpena –ñabardurarik gabeko ekarpen gordina, jakina– aintzat hartzen bada.

Hala ere, askorentzat kulturaren adierazpen eta euskarri anitzak izan dira sostengurik sendoena orain dela zazpi hilabete, –martxoaren 13an eta 14an hurrenez hurren–, Urkullu lehendakariak eta Sánchez presidenteak euren buletinetan Covid-19a gauza oso-oso serioa zela ziurtatu zutenetik.

Maite gaituztenak kenduta, zerk eman digu kulturak beste, horren gutxiren truke? Gauza ñimiñoak eman dizkigu: akorde bat, esaldi magiko bat.... Handiak ere bai: denetariko jaialdiak, erakusketak, antzerkira edo zinemara bueltatu eta 'normal' sentitzeko aukera...

Segurua ez ezik, eskuzbala iruditu zait pandemia garaiko kulturgintza. Plazaratu ditu noski bere kezkak eta eskatu ditu dagozkion laguntzak, baina irudipena daukat ez direla iritsi beste sektore batzuen krispazio eta dezibelio mailara. Estimatuta dago. Eta nola!

Uste dut, hala ere, onena emateko daukala oraindik kulturak. Adibide bat jartzearren, aparteko balioa ematen ari natzaio azkenaldian tontoak neutralizatzeko daukan gaitasunari. Irakurtzen badut –eta irakurri dut oraintsu– ikastetxeetan ezartzen ari diren neurriak direla «haurrak traumatizatzea eta torturatzea»; entzuten badut –eta entzun dut berriki–, maskararen erabilera derrigortzea dela «nire (haren) eskubideen eta askatasunaren bortxaketa», sartzen zait Primo Levi edo Vasili Grossman edo torturaz eta askatasunen bortxaketez idatzi duten beste idazle batzuk ikurtzera bidaltzeko gogo bat... Behartuta noski, horrelakoetan ezin da erdizka ibili.

Pentsatu nahi dut etorkizuna zirriborratzen ari direnek, trantsizio digital-ekologikoarekin batera, kultura ere jarriko dute ia gainezka egon behar duen 'erdigune' horretan. Ez dut nazioarteko eragile ugarik bultzatutako #culture2030goal ekimenak baino argiago azalduko: «Artistek, sortzaileek eta kulturaren sektoreko profesionalek, baita arlo horretako erakundeek ere, funtsezko egitekoa dute pertsonen eta komunitateen ongizatearen eta erresilientziaren sustapenean; informazioaren eskuragarritasuna bermatzen dute; kontzientziazioa eta tolerantzia bultzatzen dituzte, eta etorkizuneko gizarteak irudikatzeko behar ditugun gaitasunak pizten, gizarte horiek oraintxe ari baitira egituratzen, mundu mailako asaldadura egoera honetan».

Gero esnatzen naiz, eta ez dut ikusten Monterrosoren dinosauroa, Europatik helduko diren funtsak lortzeko lehian dabiltzan proiektuetan kulturak duen tokia baizik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ni ez naiz hemengoa

Ni ez naiz hemengoa