Lau kide gipuzkoar gehiago izan ditzake UEMAk larunbatean
Orion egingo den Batzar Nagusian Hondarribia, Berrobi, Lezo, eta Azkoitiaren eskaerak aztertuko dira, baita Mendexa eta Zeanurirenak ere
Pasa den martxoan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 100 udalerrien langa gainditzeko ekitaldi berezia antolatu zuen Azpeitiako Soreasu Antzokian Batzar Nagusia baliatuz. «Herri honek euskarari eusteko» egindako bidea omentzeko ospakizuna izan zen. Orduko hartan Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebeko udalek egindako eskaria onartu zen, 101 udalerri eta 305.000 biztanleko lurgunea osatuz.
Hala ere, orduan lehendakari zen Iraitz Lazkanok argi utzi zuen hazten jarraitzea zela egiteko nagusietako bat, Martin Aramendik berretsi zuena hauteskundeen ostea kargua hartuta. Eta bide horretatik jarraituta larunbatean 107 udalerrira hel daiteke UEMA, azken asteotan jasotako Hondarribia, Berrobi, Lezo, Azkoitia, Mendexa eta Zeanuriko udalen eskariak onartuz gero larunbat honetan, abenduak 16, Orion egingo den Batzar Nagusian.
Hala eginez gero, aipatutako 107 udalekin 342.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatuko du mankomunitateak. Jauzi handia, 2023 hasieran 97 baitziren.
Batzar Nagusia 10:00etan hasiko da Arraunetxen eta eskaerak aztertzeaz gain 2023an bideratutako egitasmoen balantzea ere egingo da, baita 2024rako ildo nagusiak eta ekimenak aztertu ere, «betiere UEMAren ohiko ildoen baitan: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena».