Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria, Eusko Legebiltzarreko batzordean ekarpenak egin zituen agerraldian. Legebiltzarra
Hizkuntza eskubideak

Kontsumitzaileen lege berriak «atzerapausoak» dakartzala salatu dute

Kontseiluak eta Behatokiak ohartarazi dutenez ostegun honetan adostutako testuak «ez dakar inolako urrats berritzailerik»

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 28 de abril 2023, 13:19

Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan adostutako Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuaren Legeak «ez dakar inolako urrats berritzailerik» eta, are gehiago, duela 20 urteko testua berritzeko asmoz sortua izan bada ere, hizkuntza eskubideen aldetik «atzerapausoak» egiten dituela salatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Hala adierazi dute ostiral honetan plazaratutako balorazioan.

Publicidad

Ez da testuaren gabeziak seinalatzen dituzten lehen aldia. Lege proiektua iaz aurkeztu zen eta une hartan bi instituzioek «aldaketa sakonak» aldarrikatu zituzten. Zehazki 33 zuzenketa proposatu zituzten herritarren hizkuntza-eskubideen aitortza eta bermean sakontzeko, baina horietako bakarra ere ez da txertatu azken testuan.

Lehen legea garatu zenetik aldaketa ugari izan direla adierazi dute Kontseiluak eta Behatokiak duela gutxi argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuek erakusten duten bezala, hau da, batetik, euskararen ezagutzan eta erabileran gorakada eman dela; eta, bestetik, hizkuntzarako atxikimendua sendotu egin dela. Hein horretan, «euskararen biziberritze prozesuan paradigma berriaren beharra» gizartean konpartitua dela iritzi dute eta, beraz, aurrerapausoek eta eskariek zilegitasuna dutela.

Kontseiluaren arabera, lege honen gabezia nagusia zioen azalpenean bertan islatzen da, azkenekoaren bide beretik jarraitzen baitu eta euskal hiztunen eskubideak bermatzea enpresen borondatearen menpe uzten duelako. Zehazki, legeak «Administrazio publikoan sartuta ez dauden pertsona partikularrek hizkuntza ofizialak erabiltzeari dagokionez, hobe dela sustatze eta bultzatze-neurriak xedatzea» dio, hau da, legeak berezko duen «izaera arautzaileari» uko egiten dioela salatu du. «Herritarren eskubideak bermatzeko sustapena izango da ardatza, eta ez, ordea, legezko betebeharra».

Hori gutxi balitz, bi eragileek hainbat atzerapauso identifikatu dituzte, besteak beste «establezimenduen eta diru publikoz lagundutako enpresen betebeharrak ezabatu» izana. Komunikatuan ohartarazten duten bezala, legeak hizkuntza-eskubideen bermeari betebehar izaera eman beharrean, borondatezko izaera eman dio eta, ondorioz, «eskubide hauen urraketak arau haustetik kanpo» utzi dira.

Publicidad

Hala, gainera, Behatokiak pasa den martxoan aurkeztu zuen 'Hizkuntz Eskubideen egoera 2022' txostenean plazaratutako irudia okerrera joan daitekeela uste dute. Orduan jada nabarmendu zuten sektore pribatuan euskararen presentzian eta erabileran atzerapauso ugari atzeman zituztela eta erabiltzaileen aldetik kexak ugaritu zirela euren «hizkuntz eskubideak urratu» zirelako. Azkenik, neurri eraginkorrak behin betikoz ezartzea eskatu dute, onartu berri den legeak «are betebehar lausoagoak» ezarriko baititu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad