Kontseilua: «Olatu erreakzionarioen gainetik euskararen normalizazioan sakontzeko unea da»
Azaroaren 4an Bilbon 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat' lelopean deitutako manifestazioaren xehetasunak azaldu ditu instituzioak agerraldi jendetsu batean
Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntzen Europako eguna baliatu du datorren azaroaren 4rako deitua zuen mobilizazioaren xehetasun gehiago aurkezteko. 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat' lelopean egingo da Bilbon, epaitegietatik heldutako azken erabakiei erantzuna emateko eta «olatu erreakzionarioen gainetik euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko eta sakontzeko unea» dela azpimarratzeko. Agerraldia egiteko data ez da izan keinu bakarra, manifestazioa Euskalduna jauregiaren aurretik aterako baita 17:00etan eta Bilboko udaletxean egingo da amaiera-ekitaldia.
Publicidad
Pasa den maiatzaren 10ean aurreratu zuen Kontseiluak manifestazioaren data eta ordutik hona «eragileen ekarpenak jasotzeko prozesu irekia» egin dutela azaldu du. «Horren emaitza da gaur hona dakargun leloa». 'Euskaraz bat' horren bidez euskara gizarte kohesiorako tresna dela adierazi nahi du Kontseiluak, hau da, «euskara guztiona dela eta guztiontzako izan behar duela». Izan ere, instituzioaren ustez azken epaietan «konstante» bat nabarmena da, «euskara segregaziorako, bazterketarako tresna» bezala erakutsi nahi duena, «bereizketa sortzen duela». Honen aurrean, Eskisabelek «gizartean oso bestelako trakzio indarra» duela defendatu du, besteak beste «gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia» dela azpimarratuz.
Epaitegietatik iritsitako erabakien ondoriozko «egoeraren larritasuna» aintzat harturik, euskaltzaleei, eta, orokorrean, «hizkuntza-berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten» duten herritarrei Bilboko kaleak betetzera dei egin diete «azken urteetan euskararen alde egin den manifestazio jendetsuena» izan dadin. Bultzadan parte hartzeko ere eskatu du Eskisabelek, «oldarraldiari hesia jartzeko, olatu erreakzionarioari aurre egiteko guztion indarrak beharko» direla iritzita. «Guztion bultzada, euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak, herritar eskubideak, egikaritzeko, eta, horrenbestez, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko», adierazi du.
Hitzartzean mintzagai izan ditu Kontseiluko lehendakariak «euskararen normalizazioaren kontra» heldutako epai sorta, hala nola: Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza «zailegia» dela argudiatu zuen Laudioko sententzia. «Oldarraldi judizial» honek «koska bat gora» egin zuela iritzi du Eskisabelek uztailaren 6an EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetu zuenean, «udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zienean». «Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean», salatu du.
Agerraldi jendetsua
Bilbon egindako agerraldian Kontseiluko eledunak administrazioarentzako mezua ere bidali nahi izan du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko euskararen aldeko hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko garaia dela helaraziz.
Publicidad
Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokia), Alizia Iribarren eta Aize Otaño (AEK), Joxe Mari Sors eta Joanmari Larrarte (Elkar), Amagoia Mujika eta Iban Arregi (Berria), Nekane Artola (Ikastolen Elkartea), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea), Amaia Zarrabeitia (Elhuyar), Amaia Balda (Emun), Ibon Leibar (EHE), Lorea Agirre (Jakin), Patxi Uribarren (Karmel), Nerea Mujika (Gerediaga Elkartea), Leonor Aurrekoetxea (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea), Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi), Maite Asensio (Hezten), Miren Segurola (UEMA), Iñaki Zabaleta (Eusko Ikaskuntza), Malen Frantsesena (GES), Isa Izarzelaia (Zenbat Gara), Lutxo Egia (Bira), Idoia Ugalde (Hau Pittu Hau), Olatz Sagastui (Berbaizu), Amets Aranguren (Kontseilua), Maizpide Barnetegiko ordezkariak. Martxelo Otamendi eta Kike Amonarriz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión