Justiziak atzera bota du Galdakaoko Udalak ezarritako hizkuntza eskakizun bat
Bilboko auzitegiak Galdakaoko Udalaren aurka eman duen sententziaren aurrean erantzun zabala emango diote datorren ostegunean, Ardanza parkean
DV
Lunes, 17 de junio 2024, 12:43
Urte erdi baino gehiago igaro da Euskararen Euskal Kontseiluak milaka lagun bildu zituenetik Bilboko kaleetan euskararen aurkako «eraso judiziala» salatzeko. Bada, ostiral honetan jakin dugu Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 4 zenbakiko Epaitegiak baliogabetu egin duela Galdakaoko Udalak gizarteratze eta laneratze teknikariaren plaza egonkortzeko 2022an egindako deialdian ezarritako euskara eskakizuna. Berehala, Bizkaiko udalerriko eragile eta herritarrek iragarri dute datorren ostegunean, ekainak 20, erantzun zabala emango diotela euskararen normalizazioaren aurkako azken epai horri, deitu duten elkarretaratzearekin.
Publicidad
Adierazi dutenez, «berriz ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia. Horregatik, ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta herritarroi hizkuntza-eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean, euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuz».
Ildo horretan, esan dute «onartezina» zaiela epai hauek denak lotzen dituen premisa «faltsua»: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. «Auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntza-eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne».
Euren hitzetan, «sententziaz sententzia argi ikusten ari gara ia edozerk balio duela epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko. Kasu honetan, epaileak «gehiegizkotzat» jo du euskara eskakizuna. Batetik, oinarri juridiko erabat eztabaidagarria duen salbuespena aplikatuz eta, bestetik, Galdakaoko euskararen ezagutzan oinarritutako derrigortasun-indizearen interpretazio murriztaile bat eginez. Hala, kristalezko sabaia ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna kolokan jarriz», esan dute.
Horregatik, Galdakaoko Udalari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko dei egiten diote. Eta horrekin batera, euskarari dagokion egiazko ofizialtasun estatusa bermatuko dion zoru juridikoa bermatu eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko berri baten beharra aldarrikatzen dute.
Publicidad
Honenbestez, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa aktibatu ondoren, Bagabiz Galdakaoko euskara elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu dute datorren ostegunerako, hilak 20, 19.30ean Ardanza parkean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión