Joxe Mari Auzmendi bekaren hirugarren deialdia, abian
«Hobekuntza pedagogikoa» sustatzeko proiektuak abenduaren 1a arte aurkeztu daitezke eta sarituak bi ikasturte izango ditu garatzeko, baita 12.000 euroko laguntza
DV
Asteartea, 21 urria 2025, 14:05
Pedagogian, hezkuntzan edo herrigintzan, beste hainbat esparrutan bezala, Joxe Mari Auzmendi hernaniarrak (1954-2020) utzitako arrastoa neurtzen zaila da. Horietako askotan ireki zuen bideari segida emateko asmoz aurkeztu dute Hik Hasik eta Hernaniko Udalak Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren hirugarren deialdia.
Proposamenak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 1ean amaituko da eta epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, 2026ko urtarrilaren 8an jakinaraziko da saritutako proiektua zein den. Epaimahaia Hernaniko udalaren ordezkari batek eta Hik Hasi egitasmo pedagogikoko hiru hezkuntza-adituk osatuko dute. Hautatutako proiektuari jarraipena egiteko, beti ere proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, aholkulari pedagogikoa izendatuko du Epaimahaiak onuradunekin adostuta. Oinarriak eta eskera-orriak Hik Hasiren webgunean zabalduko dira gaurtik aurrera. Bekaren iraupena bi ikasturtekoa izango da, eta laguntzaren zenbatekoa 12.000 eurokoa.
Agerraldian Ainhoa Azpirotzek, Hik Hasiko eragiletza arduradunak, azaldu bezala «bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean materialen bat eskaintzea hobetsiko da».
Hala, iaz Jakinmin praktika filosofikoen elkarteak jaso zuen 'Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia' proiektuagatik. Azaldu dutenez, «ia amaitua dago» eta, dena ondo bidean, urtarrila du epe.