Joxe Mari Auzmendi bigarren hezkuntza beka Jakinmin elkarteak jaso du
Epaimahaiaren iritziz, «oso lan osatua da, ikasleei begira egiten duen proposamenaz gain, irakasleentzat ere egiten duelako»
Hik Hasik eta Hernaniko Udalak ematen duten Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren 2. deialdiko irabazlea Jakinmin praktika filosofikoen elkartea izan da, proiektu honekin: Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatzeko metodologia.
Bekaren sari banaketa ekitaldia astelehenean burutu zen Hernaniko Udalean eta bertan izan ziren Hernaniko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Axier Mingo, Hik Hasi egitasmoko Formazio arduradun Mikel Agirrezabala, Joxe Mari Auzmendi zenaren senideak eta Jakinmin elkarteko kide Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya.
Epaimahaiaren iritziz, «oso lan osatua da, ikasleei begira egiten duen proposamenaz gain, irakasleentzat ere egiten duelako, eta gaur egun hutsune handia antzematen den bi eremuri erantzutera datorrelako: alde batetik, ikasleek hausnartzeko duten gaitasun gabezia eta euren artean dituzten bizikidetza arazoak, eta bestetik irakasleen klaustroetan erabakiak hartzeko metodologia parte-hartzaileen gabezia». Zentzu horretan, ikastetxeen funtzionamendurako «oso aberatsa dela» baloratu du, eta gelan eta klaustroan eragin handia izan dezakeela.
Herri maila
Horrez gain, herri mailan beste erakunde eta taldeetako parte-hartze moduak hobetzeko ere baliagarria ikusten da, zabaltzeko moduko eredua, alegia. Hausnarketari, argudiatzeari eta parte-hartzeari lekua egingo dion proposamak gaur egun dagoen kultura aldaketa ekar dezakeela ere azpimarratu da. Jakinmin elkarteak proposatzen duen ikerketaren metodologia «oso egokia dela» iritzi du epaimahaiak eta proiektua edozein ikastetxeetara «estrapolagarria dela» argi ikusi du.
Jakinmin elkarteak, hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte-hartzaileak sustatuz, hobekuntza pedagogikoa lortzea du helburu.