Hirugarren olatuak
Komunetik behera doazen isuriak hurrengo olatuen iragarle aurreratuak omen dira. Baliteke usain txarreko beste uhin batzuk ere ibiltzea estoldetan
Non gauden jakitea inportantea da, batez ere egoera labaingarrietan, horrelakoetan oso erraza baita txirrist egin eta geunden tokitik urrun agertzea, bueltarako argibide zehatzik gabe. Maparik eta erreferentzia-puntu argirik gabeko garaiotan, noraezak eragiten duen zorabioa arintzeko ezinbestekoa zaigu non gauden jakitea, edo badakigula pentsatzea, nahiz eta justu honelakoetan izan bereziki zaila.
Aldi berean premiari eta ezintasunari aurre egiteko asmatzen ditugu faseak, etapak, mugarriak... Unean unekoari izena jartzeak pentsarazten digulako, akaso, norbait ibili dela gure aurretik inguratzen gaituen eremu ezezagunean, baten batek atondu digula 'via ferrata' sendo eta fidagarria; aurrera egitera ausartzen bagara aurkituko ditugula heldulekuak.
Une honetan eskura dugun amarradura 'bigarren olatua' da. Konfinamendu solido haren aldean, toki ezegonkorra iruditzen zait, likidoegia, izaera iheskor eta apartsukoa. Osasunaren Mundu Erakundea ere ez dut oso konbentzituta ikusten. Maiatzaren 25ean María Neira OMEko Osasun Publikoko zuzendariak esan zuen egon, igual egongo zela, baina ez zuela ekarriko aparteko kalterik; gehienez ere, lehen olatuaren osteko 'berragertze puntualak'.
Premiari eta ezintasunari aurre egiteko asmatzen ditugu faseak, etapak, mugarriak... 'The Third Wave' esperimentuak erakutsi zuen bost egun nahikoa direla nazi antzeko bat sortzeko
Handik bi egunera Mike Ryan, erakunde bereko larrialdietarako buruak, abisatu zuen, oso larrituta, bere talaiatik ikusten zuela hurbiltzen bigarrena, bazetorrela... Ez zioten jaramon handirik egin. Uztailaren azken egunetan OMEko eledun Margaret Harris doktoreak esan zuen ez zeukala zentzurik lehen eta bigarren olatuez mintzatzeak, olatu handi eta bakar baten menpe gaudela, eta kito.
Gure agintariak ez dira horren kaskarinak. Nekane Murga sailburu ohiak abuztuaren 6an eman zuen ofizialki inauguratutzat bigarren olatua. Bezperan 336 kutsatu antzeman ziren EAEn PCR bidez; atzo baino 82 gutxiago. Olatuaren zein puntutan jartzen gaitu horrek? Esan nahi du, agian, bigarren olatua ez dela lehorra jo eta atzera egiten duen baga, bigarren uholde bat baizik –horrela deitzen entzun nion Iñigo Urkullu lehendakariari– eta izterretatik gora ari zaigula igotzen birus-salda?
Ez gaude bakarrik munduan, badugu nora begiratu. Ordu-eremuekin bezala, olatu kontuetan ere diferentzia handiak ditugu, besteak beste, Ekialde Urrunarekin. Hong Kong-en, esaterako, sei ordu eta olatu bat gehiago dira. Uztailaren 19an sartu ziren hirugarrenean, bezperan 108 kutsatu zenbatuta. (Oharra: 7,41 milioi biztanle ditu Hong Kong-ek; 2,1 EAEk).
Mendebalde Urrunera begiratuko balute, ikusiko gintuzkete Mundakako 'ezkerra' baino luzeagoa izaten ari den bigarren olatuaren gainean dantzan, edo azpialdeko zirimolan bueltaka. Zenbat denbora pasa dezakegu hor apnean? Arnasari eusteko gaitasuna uste baino mugatuagoa izan daitekeelakoan, zenbait aditu hasi dira esaten badela gorotz-urei erreparatzen hasteko garaia, komunetik behera doazen isuriak direlako hirugarren uhinaren iragarle aurreratuak.
Beste hirugarren olatu batzuk ere ezagutu ditugu, jakina. Badago feminismoarena. Alvin Toffler futurologo baikorraren 'The Third Wave' ere bai. Orain dela 40 urte irakurri nuen, irten berritan (gezurrik ez esateko, Plaza&Janesek argitaratutako 'La tercera ola' leitu nuen). Txarrenean jartzeko joera aspaldikoa dudanez, Toffler zenak iragarri zuen 'zibilizazio berriaren' eta errealitate gogaikarriaren arteko aldeak ez nau eraman ez frustraziora, ez malenkoniara... Kezkatzeko gaitasuna fintzera bai, ordea.
Horregatik, sekulako beldurra diot une honetan estoldetan egosten egon daitekeen hirugarren olatu bati. Ez naiz luzatuko. Sarean daukazue ondo esplikatuta. Funtsean, The Third Wave izan zen 1967an Kaliforniako institutu batean Ron Jones irakasleak –idazle, gidoigile eta hizlari ibili da geroztik– egin zuen esperimentu bat. Autokraziaren arriskuez ohartarazi nahi zituen ikasleak, eta kontrakoa lortu zuen, frogatuz bost egun nahikoa direla nazi antzeko bat sortzeko. Esperimentuan oinarritutako eleberri bat etorri zen gero, eta 2008an 'Die Welle' ('Olatua') film alemaniarra. Sarean dago, edonork ikusteko moduan. Aurreratuko dizuet amaiera: izaki totalitarioak fabrikatzea ez da batere zaila.