Gazteak Mugaz Gaindi programaren azken saioaren ostean, ekainean aurkeztuko dute emaitza
Dena ondo bidean, ekainean emango da ezagutzera azken bost hilabeteetan landu denaren azken emaitza.
DV
Asteartea, 30 maiatza 2023, 16:45
Pasa den ostiralean, maiatzak 26, izan zen Irunen Gazteak Mugaz Gaindi programak egindako azken topaketa. Bertan prozesuak orain arte jaso dituen emaitza, ondorioak eta proposamenak parte hartu duten kideekin elkarbanatu ziren eta, orain, Eusko Ikaskuntzak azken txostena landuko du. Dena ondo bidean, ekainean emango da ezagutzera azken bost hilabeteetan landu denaren azken emaitza.
Gazteak Mugaz Gaindi programak mugaren bi aldeetako gazteen errealitate eta berezitasunen ezagutza bultzatu du, ahalduntzea eta lankidetza sustatuz, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen esparru estrategikoaren barruan. Lan kooperatiboaren bidez, parte-hartzaileek lurralde bakoitzeko gazteen egoeraren diagnostikoa egin dute, eta jarduera-ildoak eta proposamen eraldatzaileak egin dituzte topikoak eta aurreiritziak gainditzeko eta dauden indarrak aprobetxatzeko.
Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formation-ek sustatua, NAEN euroeskualdearen babesarekin. Urtarrilean izan zen abiapuntua eta ordutik hiru lurraldeetako gazteek izan dute ahotsa.
Orain arte izandako bilkuretan esparru desberdinen inguruan jardun dira: Iruñean elkar ezagutzeari, aurreiritziei eta estereotipoei buruz (urtarrila), Baionan hizkuntza eta kultura komunari buruz (otsaila), Beran gazteriaren ongizatean eragiten duten faktoreei buruz (martxoa) eta Hendaian jasangarritasunari eta trantsizio ekologikoari buruz (apirila).