Euskararen aurkako erasoei erantzuteko itun soziala proposatu du Kontseiluak
Auzitegietako epaiek «adostasun zabal baten gainean eraikitako neurriak baliorik gabe» uzten dituztela salatu du eragileak
Azken hiletan «behin eta berriz» euskararen aurkako hartutako sententziaren harira «kezka» adierazi dute Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten elkarteek, euren aburuz funtsean «oldarraldi judizial» bat baitago epai eta erabakien atzean. Hori dela-eta, itun politiko eta soziala zbabala proposatu dute «euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari» aurre egiteko.
Publicidad
Euskalgintzaren Kontseiluko kide diren erakundeen ordezkarien aurrean egin den urteko Batzar Nagusiaren amaieran Idurre Eskisabel idazkari nagusiak eta Alizia Iribarren lehendakariak irakurri dute kideek aho batez adostutako adierazpen publikoa. Epaitegiek atzera botatako neurriek «euskararen biziberritzea» helburu dutela oroitu dute eta aurkako sententziek haragoko joera erakusten dutela, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen ari dena. Hori gutxi balitz, erabakiak «premisa faltsu» batetik abiatzen direla salatu dute, «lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzen» direla.
Proposatutako erantzun bateratua otsailean aurreratu zuten eta lantzen ari diren protokoloaren ildotik garatu nahi du Kontseiluak, «tokian toki erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko». Honen bitartez «olatu erreakzionarioari» eusteaz gain «aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko hizkuntza-politika sendoak» garatzea ahalbidetu nahi du. Asmo horretan eragile sozial eta politikoekin elkarrizketa erronda hasiko duela aurreratu dute eta hauei «erantzukizunez» jokatzea eskatu die.
Izan ere, epaien ondorioz «milaka herritarren eskubideak urratzen» direla salatu du Kontseiluak eta «herritartasuna gauzatzeko gunerik nagusienean», administrazioarekiko harremanean, «euskaraz egiteko aukera ukatzen» zaiela deitoratu. Ildo horretan, langileek egindako protestak oroitarazi dituzte irakurketan, baita VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, EAEko lau biztanletik hiruk administrazioan lan egiteko euskaraz jakin behar dela uste dutela. «Epai horiek baliorik gabe uzten ari diren neurriak adostasun zabal baten gainean eraikitakoak», azpimarratu dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión