Euskara «gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza» dela ezagutarazteko erakusketa
Azaroaren 29ra arte izango da ikusgai Leioako UPV/EHUren Bizkaiko Campusean
J. A.
Larunbata, 5 urria 2024, 11:13
Euskararen Etxeak bere hormak gainditu eta Interpretazio Zentro berriaren edukien lagin txiki bat aurkezteko 'Euskararen Etxea, plazara' erakusketa inauguratu dute bisita esperimentala eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgildu daitezen. Azaroaren 29ra arte izango da ikusgai Leioako UPV/EHUren Bizkaiko Campusean.
Euskara, antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutarazteko, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela ere nabarmentzeko erakusketak askotariko edukiak biltzen ditu, besteak beste, euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten duten datuak, euskararen historia josi duten pertsonaia eta gertaerak, euskararen etorkizunerako erronkak edo euskal kulturaren aberastasuna eta kalitatea islatzen duten edukiak.
Interpretazio Zentro berria 2023ko otsailean inauguratu zen, eta Kirmen Uribe idazleak eta Patxi Baztarrika soziolinguistak osatutako talde zientifikoaren lanaren emaitza da, baita hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen emaitza ere.
Laginaz gain erakusketak egingo duen bidean tokian tokiko ezaugarri eta datuak ere erakutsiko ditu, udalerri edo erakundeekin lankidetzak gauzatuko baitira, beren ezaugarri eta ñabardunak erakusteko asmoz. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateak emandako euskarari buruzko hainbat datu jaso ditu erakusketak, eta Bizkaiko Campusean dagoen tartean, hezkuntza-komunitateak euskara nola bizi duen erakutsiko du.
Horretaz gainera, bisitariek haien testigantzak ere utzi ahalko dituzte bisitariek euskararekin duten harremana aztertzea xede duen harien jolas baten bitartez, bai eta galdera irekien bidez.
Azkenik, erakusketak lekua egin dio Gaitu adimen artifizialari euskara irakasteko proiektuari.
Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, EHU Kulturaren laguntzarekin, eta irailaren 26an ireki zituen bere ateak Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Eguna zela-eta. Ekitaldian izan ziren Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea; Leixuri Arrizabalaga, Kultura, Kirol eta Euskara foru diputatua; Iurdana Acacuso, Euskararen Etxeko zuzendaria; Isaac Amezaga, Foru Aldundiko Euskara saileko zuzendaria; eta Junkal Gutierrez UPV/EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea.