'Esazu hitz bat', Euskaraldiaren abestia
Xabier Zabalak sortutako abestiari Andoni Egañak jarri dizkio hitzak eta Aiora Renteria, Petti, Maddalen Arzallus, Ainhoa Larrañaga eta Andoni Egañak kantatu dute
Asteazkena, 6 uztaila 2022, 10:25
Gero eta gutxiago falta da Euskaraldiaren hirugarren edizioak Euskal Herria belarriprest eta ahobiziekin betetzeko. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera handitzea xede duen ariketa soziala. Herriz herri osatzen ari diren batzordeak ariketarako prestaketa lanei ekin diete, eta gero eta gehiago dira, aurtengoan ere, Euskaraldira batzen ari direnak.
Hirugarren edizioa iragartzeko abestia aurkeztu da aste honetan. Xabier Zabalaren musika eta Andoni Egañaren hitzekin sortutako 'Esazu hitz bat' abestiari bost abeslarik jarri diote ahotsa: Andoni Egaña hitzen egileak berak, Zea Mays taldeko kantari Aiora Renteriak, Petti Berako musikariak, Maddalen Arzallus bertsolari eta kantariak eta Ainhoa Larrañaga hernaniar musikari eta aktoreak. Kantuarekin batera bideoklipa aurkeztu da gainera, eta gaurtik aurrera sarean entzun eta ikusgai egongo dira kantua eta bideoa. Igor Telletxea (bateria), Ritxi Salaberria (baxua), Ruben Caballero (Gitarra) eta Oreta TXko Harkaitz Martinez Urriza eta Mikel Ugarte txalapartariek ere hartu dute parte grabaketan.
Hirugarren edizioa
Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.
Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da.
2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia. 11 egun euskaraz lelopean; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.
Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has zitezen eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu zezaten. Ariguneak sortu ziren.
Ariketa edo praktika kolektibo bat da Euskaraldia. Ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da, ahobizi edo belarriprest bilakatuz zein ariguneak antolatuz.