«Hezkuntza Lege bati begirako proposamena» egin dute ikastolek
«Aukera badagoela» uste dute, eta eragileei «ausardia» eskatu zieten proposamen horren oinarriak biltzen dituen 'Endekalogoa' aurkeztean
Osteguna, 25 otsaila 2021, 20:01
Ikastolen mugimendua osatzen duten 111 ikastoletako ordezkariek pandemia egoeraren eraginez atzeratu behar izan zen Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen 2020ko Batzar Nagusia egin dute ostegun honetan Irungo Ficoba erakustazokan. Batzarra amaitzean, 'Endekalogoa' dokumentua aurkeztu dute; hau da, «biharko Euskal Sistema gaurtik eraikitzen hasteko» ikastolek egin duten ekarpena, funtsezko hamaika oinarri beste horrenbeste puntutan jaso dituena.
Hurrenez hurren Ikastolen Elkarteko lehendakari eta lehendakariorde diren Koldo Tellitu eta eta Nekane Artola eta euskal lurraldeetako ikastolen elkarteetako ordezkariekin batera, hainbat zentrotako zuzendari, ikasle eta ikasle ohi arduratu dira proposamenaren edukiak aletzeaz. Azken hitzak, ikastolak etorkizunera begira jarri dituztenak, «gaurtik da bihar» izan dira.
Etorkizunera eta, batez ere, Hezkuntza Legera, horri buruzko «eztabaida sakona eta mamitsua» nahi baitute ikastolek eta, batez ere, eztabaidarako giro on bat, «gakoa izango baita eragile guztiak duten onena ematea eta elkarrekin ematea».
Ikasturte honetan 60.000 ikasle dituzten ikastolek, beren aldetik, gaurko aurkezpenarekin eman diote hasiera «Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bati begirako beren proposamenaren zabalkundeari eta lanketari».
«Adostasun sozial» berria
Xehetasunetan sartu aurretik, adierazi dute «Euskal Herriaren debate publikoan» dauden gai ugarien «erdigunean» dagoela Euskal Hezkuntza Sistemaren ingurukoa. «Ikastolok, gaur, bete-betean heldu nahi diegu bihar izango ditugun beharrei. Gure ekarpenarekin gatoz, umil eta indartsu, Euskal Herriko eragile eta erakunde guztiekin hitz egitera», esan dute.
«Ez da erraza izango, baina aukera dugu Hezkuntza Lege berri bat aurrera ateratzeko», adierazi zuten, eta «ausardia» eskatu diete «Eusko Jaurlaritzari, alderdiei eta hezkuntza eragileei, gure iritziz nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren inguruan adostasun sozial berri bat eraikitzeko».
Datozen hilabeteotan, «ikastolaz ikastola, herriz herri, Euskal Hezkuntza Sistema eraikitzeko proposamenak lantzen» ibiliko direla aurreratu dute. Ekitaldi sorta bat ere osatu dute. Lan horri ekiteko aurkeztu dute, hain zuzen ere, 11 oinarriz osatutako Endekalogoa, «horien gainean eraiki behar dela uste dugulako Euskal Hezkuntza Sistema. Herri 1, Hamaika oinarri, 111 Ikastola».
Endekalogo formatuarekin, azken batean, aurretik ere eginda dituzten proposamenak plazaratu dituzte ikastolek, oinarri-oinarrizkotzat jotzen dutelarik hezkuntza «unibertsala; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; Euskal Curriculumetik eraikia eta Euskal Herria bere osotasunean landuko duena». «Hezkidetzan eta laikotasunean» oinarritua eta «inklusiboa». Antolaketari dagokionez, «gobernantza demokratikotik antolatua; ikastetxeei autonomia aitortuko diena, eta publiko-herritar eredutik sortua».
Gaur ebatzi da, halaber, zein proiektuk jasoko dituzten Elkartearen diru-laguntzak. Hamahiru eskakizun egin ziren, eta horietako hamarren artean (hiru Ipar Euskal Herrian; hiru Nafarroan; bi Araban, bana Bizkai eta Gipuzkoan) 802.324 euro banatuko dira guztira.