Elkartasunezko 900.000 euro zortzi ikastolaren proiektuak bultzatzeko
Elkartasun Ikastolen batzar nagusiak onartu berri ditu dirulaguntza hauek inbertsio berriak sustatzeko
I.A.
Donostia
Igandea, 28 azaroa 2021, 18:26
Elkartasun Ikastolek 900.000 euro banatu dituzte ikastolen zortzi proiekturi laguntzeko. Bederatzi eskakizun egin ziren guztira, eta horietako zortzik egin dute aurrera. Guztira, 911.824 euro banatuko dituzte zortzi eskari horien artean. Senpere Kolegioa (100.000 euro), Kanboko Ikastolen Etxea (46.272 euro), Beskoitzeko ikastola (200.000 euro), Tuterako Argia ikastola (73.000 euro), Lodosako Ibaialde ikastola (100.000 euro), Lesakako Tantirumairu (150.000 euro), Bastidako ikastola (80.000 euro) eta Bilboko Harrobia ikastola (162.552 euro) izango dira dirulaguntzak jasoko dituztenak.
2012ko azaroan Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik, ikastola guztien ekarpenari esker 7.186.848 euro banatu dira beharra zuten ikastolei lagundu eta inbertsio berriak sustatzeko. Gainera, 1992 urtetik indarrean dagoen ikastolen Elkartasun Kutxak 18 milioi eurotik gora banatu ditu guztira. Horregatik, ospatu berri den Elkartasun Ikastolen batzar nagusian balioan jarri nahi izan dute «elkartasun ahalegin honek daukan neurri izugarria».
Elkarlana eta elkartasuna
Ikastolak bi europar kooperatibatan batzen dira; Ikastolen Elkartea eta Elkartasun Ikastolak. Ikastola guztiak dira bazkide bietan. «Lehenak elkarlana irudikatzen badu, bigarrenak, elkartasuna du ardatz», alegia. Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa. Azken urteotan, urtero 800.000 euro inguru banatu dira.
Bere xede nagusia ikastolen bideragarritasuna bermatzea izanik, Elkartasun Kutxak helburu zehatzak ditu, hala nola, ikastola berriak sortzen laguntzea, dagoeneko sortuta dauden ikastoletan aktibitate estrategiko berriak abian jarri eta garatzen laguntzea, inbertsio estrategiko berriei aurre egiten laguntzea edo tokian tokiko ikastola eta eremuetan Ikastola Taldearentzat estrategikoak diren lerro berriak sortzen laguntzea.
Taldearen laguntza behar duten ikastolentzat ikasturte amaieran irekitzen da eskaera egiteko deialdia, eta hurrengoaren hasierara bitartean jasotzen dira eskariok. Batzorde tekniko batek aztertzen ditu eskariak, ondoren balorazio batzordera igortzeko. Artezkaritza Kontseiluak txostena aztertu eta oniritzia eman ostean, Elkartasun Ikastolen batzar nagusian bozkatzen dira urte horretako proposamenak.