Borrar
Pello Jauregi EHUren Donostiako campusean. Bertako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea da. UNANUE
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria

Pello Jauregi: «Aurretik egin dena jaso eta olatu berri bat sortzen du Euskaraldiak»

Euskaraldiak berak bezala, «esperimentua egitera, probatzera» gonbidatzen ditu herritarrak aurtengo Abbadia saridunak

Osteguna, 19 azaroa 2020, 06:29

Comenta

«Errekasto askok osatzen dute oraingo erreka», dio Pello Jauregi Etxanizek (Donostia, 1958). Bihar bigarren edizioari ekingo dion Euskaraldian gauzatu diren ahaleginen izaera kolektiboa nabarmendu nahi du. Ezin du hala ere ukatu mende laurdenetik gora daramala –1994an doktoretza tesia aurkeztu zuenez ge-roztik– horietako errekastoren batzuen emariak elikatzen, euskararen erabileran eragiteko hainbat lan tarteko. «Euskaraldia sortu eta forma emateko garaian» lan horiek guztiek izan duten garrantzia aintzat hartu eta eskertu nahirik, 2002ko Abbadia Saria eman dio Foru Aldundiak. Abenduaren 1ean jasoko du.

– Euskaraldiari forma emateko orduan aurreikusi ezina zen osagai bat gehitu zaio bigarren edizio honi: pandemia. Nola eragingo dio zure ustez?

– Erabilera harremanetan oinarritzen denez, eta pandemiak harremanen murrizketa ekarri duenez, uzkurtuta gaudenez, nabarituko da derrigorrez. Baina hori jakinda ere, bere murritzean hobe da zerbait egitea ezer ez egitea baino. Askotan esaten dut Euskaraldia ikusten dudala entrenamendu bat bezala, eta komeni zaigu entrenatzen jarraitzea, uzten bada kostatu egiten baita gero erritmoa berriro hartzea.

– Gelditu zaigu lehen Euskaraldiaren arrastoren bat, edo hutsetik hasi behar ditugu beroketa ariketak?

– Uste dut zerbait gelditu dela. Lehenengo Euskaraldia izan zen agerraldi masibo bat, oso indartsua. Amaitu eta eta hiru hilabetera egin zen azken neurketak erakutsi zuen izan zuela eragina jendearen ohituretan, baina alderdi kuantitatiboaz gain jende askori gelditu zaio hazi bat, puntu bat... Probatu dugu, ikusi dugu euskalduna zenik ere ez genekien jendearekin euskaraz hitz egin dugula, ez dela horren zaila; elebiko elkarrizketak ere egin daitezkeela ikusi dugu, nahiz eta ez izan komodo-komodoak. Aurreneko Euskaraldiak ekarri zuen poliki-poliki begirada pixka bat zabaltzea, beste aukera batzuk lantzea euskararen erabilerarako. Eta lortu badugu pertsona gutxi batzuekin hizkuntza ohiturak aldatzea, badakigu nolakoa den prozesu hori; baldintza egokiak badauzkagu, badakigu nola egiten den. Pedagogia sozial handia beharko dugu inertziak gainditzeko, baina etorriko da hirugarren Euskaraldia, eta laugarrena, eta entrenatzen jarraitzen dugun neurrian joango gara erritmoa hartzen, eta urteen poderioz gaur egun arrotzak iruditzen zaizkigun gauzak –ele biko elkarrizketak, esate baterako–, sendotuko dira eta normaltzat hartuko ditugu.

«Oso garrantzitsuak dira. Euskaraldiaren progresibitatea hortik etorriko da, ariguneen kontzeptutik»

ARIGUNEAK

– Bigarren Euskaraldiak berritasun gisa dakartzan ariguneak lagungarriak izan daitezke arrotzak iruditzen zaizkigun ohitura horiek normaltzen joateko?

– Oso garrantzitsuak dira. Gizartean ez gara bakarrik bizi, talde askoren kide gara, eta erabilera kideen arteko kontu bat da. Ariguneak ikuspegi kolektibo hori ematen du, eta denboran iraungo duten aurrerapauso sendoek behar dituzte jarduera kolektiboak. Euskaraldiaren progresibitatea hortik etorriko da, ariguneen kontzeptutik.

– Progresibitatea?

– Ongi bidean, Euskaraldi batek biltzen du aurretik egin dena, eta olatu berri bat sortzen du. Niri bereziki interesatzen zait tartean gertatzen dena. Oraingo Euskaraldi honetan, esaterako, ariguneak sortuko dira hainbat erakunde eta lantegitan euskara erabiltzeko identifikatu dituzten zailtasunak arintzeko, baldintza egoki eta erosoak sortzeko. Horrek gero ekarri beharko luke plangin-tza egokia, eta hurrengo Euskaraldirako beste tresna batzuk sortzea. Ariguneen kontzeptuak goraka joan behar du, baldintzak badaudelako.

«Ahobizi eta belarriprest funtzioetatik bakar batekin gelditu beharko banintz, belarriprestekin geldituko nintzateke»

ROLAK

– Urte asko daramatzazu, Soziolingustika Klusterrarekin lankidetzan batik bat, erabileraren inguruko estrategiak sortzen, lantzen, ezartzen laguntzen eta ebaluatzen, baina aurreneko esperientzia sozialak egin zirenetik bost urte baino ez dira igaro. Lorpenen gakoetako bat izan daiteke ekimenek oinarri zientifiko sendoa izatea, gauzak intuizioaren menpe utzi beharrean?

– Hori izan da gure marka haseratik. Beti jokatu izan da intuizioz, borondate handiarekin egin dira gauzak, baina aztertu gabe ea ematen zuen, ez zuen ematen, edo zertarako ematen zuen. Guk oso argi izan dugu lehen momentutik aurrera egiteko sendotasuna behar dugula metodologiaren aldetik, eta estilo hori zabaldu da Euskaraldira. Euskaldunok joera handia dugu ekintzarako, baina gero ez dugu hainbesteko patxadarik hartzen hausnarketarako. Eta hausnarketarako, gainera, datuak behar dira.

– Hurbilketa horrek norbanakoarentzat ere balio du?

– Jakina. Euskaraldiak gonbit egiten dio jendeari denbora mugatu batez esperimentu bat egiteko. Probatu, probatu hamabost egunez, zuk zeuk hausnartu eta atera zure ondorioak... Jendea hitzen bidez konbentzitzea oso zaila da, hobe da norberak probatzea, ikustea nola joan zaion, eta eta horren arabera erabakitzea zer egingo duen.

«Denok bagina oinarrizko maila batean euskara ulertzeko gai, askoz ere jende gehiago animatuko litzateke erabiltzera»

ULERMENA

– Beste erabaki bat: ahobizi edo belarriprest. Ahobizi asko, belarriprest gutxiago.

– Hor badago zerbait kulturala. Buelta ematea kostatuko zaigu, baina buelta eman behar zaio. Ematen du ahobizi gehiago dela, badagoela hierarkia bat, bata dela aktiboa eta beste pasiboa... Ez da horrela. Ni bi funtzio horietatik bakar batekin gelditu beharko banintz, belarriprestekin geldituko nintzateke. Denok bagina oinarrizko komunikazio maila batean euskara ulertzeko gai, nahiz eta ez eduki hitz egiteko erraztasunik, askoz ere jende gehiago animatuko litzateke euskaraz hitz egitera, elkarrizketak ele bietakoak izanda ere. Ulermenak komunikaziorako oinarrizko baldintza finkatzen du, desblokeatu egiten du egoera. Hori hedatuko balitz, sekulako laguntza izango litzateke soziolinguistikaren ikuspegitik.

– Ez da horren konplikatua. 'Uler-saioak' metodoa aurkeztu berri duzu, Soziolinguistika Klusterrarekin batera.

– Euskaraldiak gogoa pizten du, baina gero jendeari tresnak eskaini behar zaizkio. Uler-saioekin, 60 ordutan A1-eko ulermen maila lortzera heldu daiteke hasieran tutik ere ulertzen ez duena.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pello Jauregi: «Aurretik egin dena jaso eta olatu berri bat sortzen du Euskaraldiak»

Pello Jauregi: «Aurretik egin dena jaso eta olatu berri bat sortzen du Euskaraldiak»