Heldu da Euskaraldia
BAI HORIXE ·
Ariguneak dira aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza,eta ustekabekoren bat eman diezaguketeHeldu da Euskaraldiaren II. edizioa, bihar hasi eta datorren abenduaren 4a arte iraungo duena. Gero gerokoak. Kontua ez baita urtean bi astean bakarrik izatea euskaldun edo euskararen aldeko.
Badakit zenbait jende aspertzen hasia dagoela horrelako ekitaldiekin. Ni ere bai. Baina ez gaitezke geldirik egon. Orain, hasteko, pasadizo bat kontatuko dut. Gertatu berri-berria da. Bi ditu protagonista nagusiak: gaixo bat eta mediku bat, zein baino zein euskaldunagoak biak ere.
Joan da gaixoa osasun-zentro publiko batera. Sartu da kontsultara, hasi da medikuarekin hizketan, euskaraz, eta medikuak ea mesedez, inporta ez bazaio, erdaraz egingo duen. Izan ere, beste protagonista bat ere badago istorioan, nahiz eta mutua izan: kontsulta berean zegoen beste mediku bat, praktikak egiten, erdalduna. Gaixoak, egoera ikusita, aintzakotzat hartu du medikuaren esana, eta erdaraz egingo duela. Eta erdaraz aritu omen ziren kontsulta osoan.
Handik bi egunera, medikuak gaixoari telefonoz etxera deitu, informazioa emanez. Hitz egin duela beste espezialista batzuekin eta bideratuak dituela eginbeharrekoak. Gaixoa, txoratzen eta esker oneko. Baina kezka txiki bat gelditu zaio: medikuak telefonoz esandako zerbait ez ziola ondo ulertu; medikuak euskaraz esan eta berak ulertu ez.
Hori da pasadizoa. Hil honetantxe gertatua, eta ondo datorkiguna ariguneen garrantzia nabarmentzeko. Izan ere, ariguneak dira aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza, eta ustekabekoren bat eman diezagukete, egoeraren baimenarekin.
I. Euskaraldian, zertaz konturatuko eta uste baino 'ahobizi' eta 'belarriprest' gehiago garela Euskal Herrian. Oraingo honetan, agian, zerk huts egiten duen gera dakiguke agerian. Merezi du kasuistika zehatz-mehatz biltzea. Beharrezkoa da, nahiz eta zenbaitetan mingarria ere izan dakigukeen.
Nik, neure aldetik, pasadizo hori eskaintzen dizuet. Ahalik soilen eta hotzen kontatu dut, ondoriorik atera gabe. Apaindu nezakeen edo sua neure opilera ekarri. Baina golkoan gorde ditut pentsamenduak eta sentimenduak. Izan ere –eta gogoeta hau ere eskaintzen dizuet–, baldin eta gertaerak, pentsaerak eta sentimenduak –dena– nahasten hasten bagara, gertaerak ez ditugu behar bezala aztertuko eta, ondorioz, ez ditugu geure portaerak aldatuko.
Eta, azken batean, horixe dugu helburua: euskaldunon eta euskararen aldekoon portaerak aldatzea. Ezta?