Arnasguneek lege babesa behar dutela adierazi du nazioarteko konferentziak
Soziolinguista, aditu eta hizkuntzalariak bat etorri dira eremu euskaldunak indartzeko estrategiaren beharra aipatzerakoan
Adostasun zabalarekin amaitu da Azpeitian burututako 'Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean' nazioarteko konferentzia. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «arnasguneak desagertuz gero, biziberritze prozesuan asko egingo dugu atzera, eta asko gerturatuko gara desagertzetik gu baino askoz gertuago dauden hizkuntzetara. Ezin dugu hori gerta dadin utzi. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta abiarazi beharra dugu».
Publicidad
Horretarako, arnasguneek lege babesa behar dutela adierazi du Miren Segurola UEMA udalerri euskaldunen mankomunitatearen koordinatzaileak. «Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa behar dute arnasguneek. Erdarek bereganatu dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, erdaldunak erakartzeko eta eremu horien garapen jasangarria sustatzeko politikak eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz egingo diren politika transbertsalak: demografiari, harrerari, ekonomiari, lurralde antolaketari, kulturari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu».
«Baratze emankorrak»
Iñaki Iurrebaso soziolinguista eta UEMAko ikerlariak nabarmendu du euskalduntze politiken inpaktua askoz indartsuagoa dela zenbat eta zonalde euskaldunagoa izan. Datu bat ere eman du: zonalde oso erdaldunetan baino 5-6 aldiz gehiago erabiltzen dute euskara arnasguneetako euskaldun berriek. «Beraz, horietan jarritako ahaleginak askoz fruitu hobeak eman ditu (erabileran) zonalde erdaldunetan egindako ahaleginak baino. Baratze askoz emankorragoak dira arnasguneak», Iurrebasoren esanetan.
Konferentzia amaieran, antolatzaileek ondorioak irakurri dituzte. Iñaki Irazabalbeitia (Coppieters Fundazioa), Imanol Larrea (Soziolinguistika Klusterra) eta Miren Segurolak (UEMA) bi egun hauetako jarduna borobildu nahi izan dute, nazioartetik etorritako lagunei, hizlariei eta parte-hartzaile guztiei eskerrak emanez. Ondorio nagusia hau izan da: «Bateko eta besteko soziolinguistak, hizkuntzalariak eta adituak entzun ditugu hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneek egundoko garrantzia dutela esaten. Euskararen biziberritzerako udalerri euskaldunen eta arnasguneen zaintza eta garapena giltzarriak direla sinesten dugunontzat, benetan garrantzitsua da bi egun hauetan entzun dugun guztia».
Antolatzaileen arabera, «beste behin ere agerian geratu da hipotesiez eta usteez harago, ikerketek eta estatistikek argi erakusten dutela arnasguneak ezinbestekoak ditugula aurrera egingo badugu, bai munduko hizkuntza gutxituetan, eta baita Euskal Herrian ere».
Publicidad
«Erdarek jandako funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, hiztun berriak erakartzeko eta eremu horren garapen jasangarria sustatzeko» politika eta egitasmoak aldarrikatu ditu konferentziak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión